Sanblasak, azken txanpan
Asteburu betea izan dute idiazabaldarrek San Blas jaien baitan. Gaur, jaietako egun handia dute: San Blas. Bihar, San Blas Txiki egunarekin amaituko dira jaiak, Axaria hurrengo urtera arte agurtuta.
Atxurbide elkarteko kideek irakurri zuten ostiralean, jaiei hasiera eman zien pregoia.Idiazabalgo Udala Idiazabaldarrak San Blas jaietako azken egunak zukutzen ari dira. Ekintzaz betetako asteburuaren ondotik, gaur San Blas, jaietako egun handia dute. Kanpai buletakoak eta meza nagusiarekin hasiko dute eguna; egunak hala aginduta erroskilak bedeinkatuz. Ondoren, herriko 37. San Blas txirrindulari lasterketak izango dira, haur zein helduentzat. Kuadrillen eguna ere izaki, paella jana izango dute plazan eta kuadrillen arteko jolasak arratsaldean. Joselu Anayak taldeak emango dio amaiera gaurkoari.
Egutegiak hala aginduta, luze suertatu da aurten San Blas jaietako bigarren asteburua. Ostiralean eman zieten hasiera ofiziala jaiei, Atxurbide elkartekoek irakurritako pregoiarekin eta Axariaren jaitsierarekin. Futbito txapelketako finala ere jokatu zuten. Beertruken suertatu zen irabazle, Axuribeltzekoei 8 eta 2 irabazita. Iñigo San Pedro izan zen jokalari golegileena 35 golekin.
Goitibeherak, bueltan
Larunbatean mozorro eguna ospatu zuten eta kuadrillek kolorez bete zituzten kaleak. Eguraldiak ez zuen lagundu eta aterpeak bilatu behar izan zituzten lagun taldeek, euriaz eta hotzaz babesteko.
Goitibehera txapelketa ere berreskuratu dute aurtengo sanblasetan, 2023tik etenda egon ondotik. Guztira, 29 lagunek hartu zuten parte mota guztietako ibilgailuekin. Felix Delgado izan zen azkarrena, 01:32 denborarekin.
Igandean, Igarondo pilotalekuan pilatu ziren eguneko ekintza nagusiak: euskal dantza emanaldia eta pilota eskolako haurren San Blas txapelketa. Atzo berriz, zinta karrera egin zuten eguerdian; aurtengo egitarauko berrikuntza nagusia. Garai bateko jolasak berreskuratu zituzten belaunaldien arteko harremanak sustatu asmoz. Bihar amaituko dira festak, San Blas Txiki egunarekin.
Argazkiak: IDIAZABALGO UDALA





























