Beasaingo XVI. Herri Lasterketa jokatuko da larunbatean, 18:00etan
Ordubete atzeratu du antolakuntza taldeak irteera. Aurten ez da haurrentzako lasterketarik izango. Ohi bezala, trafikoan eragina izango du.
Beasaingo XV. Herri Lasterketako –iazkoa– proba mistoaren podiuma. Iñaki Gurrutxaga Bealak atletismo taldeak antolatutako Beasaingo XVI. Herri Lasterketa larunbatean (otsailak 7) jokatuko da, ohi bezala bi distantzia eta formatan: batetik, bikote mistoen lasterketa izango da, 5 kilometrotakoa; eta bestetik, bakarkako lasterketa, 10 kilometrotakoa. Aurten bi berritasun dauzka: iaz 17:00etan izan zen, eta aurten 18:00etan izango da; eta haurren lasterketarik ez dute egingo.
Ibilbidea laua izango da, Beasaingo herrigunean. Kale Nagusitik Nafarroa etorbidera abiatuko dira korrikalariak. Handik, Igartza Oletatik kiroldegiraino joango dira, eta Katea eta Trenbide kaleak zeharkatu ondoren, Barrendain Plazan Joan Iturralde kalea hartuko dute. Zaldizurretako biribilgunean sartu eta Gipuzkoa plaza aldera joango dira, eta J.M. Iturriotz kaletik Kale Nagusira itzuliko dira. Aurrena bakarkakoak aterako dira, eta bi itzuli eman beharko dituzte –lehen itzulia egiteko gehienez 35 minutu–. Bikote mistoen txanda izango da gero.
Giroan eragiteko asmoz
Izen-ematea herrikrosa.eus webgunean egin daiteke. Egunean bertan ere aukera egongo da, 17:30ak arte. Mistorako gutxieneko adina 14 urtekoa da, eta bakarkako gutxieneko adina 18 urtekoa. Lasterketa bakoitzean gehienez 150 korrikalariren muga jarri dute; oraingoz –otsailaren 4ko arratsaldeko datuak– bakarka 92 lasterkarik eman dute izena, eta mistoan 57k. Iaz 81 izan ziren bakarkakoan, eta 114 mistoan.
18:00etan hasiko dira lehenengo lasterkariak korrika, iaz baino ordubete beranduago. Antolakuntza taldeak azaldu duenez, giroan eragiteko asmoz atzeratu dute aurten irteera: “Iaz 17:00etan izan zen eta ikusten genuen jende gutxi zegoela oraindik kalean. Giro aldetik jende gehiago egon dadin egin da aldaketa. Lasterketa nahiko azkar bukatzen da, eta 18:00etatik 19:00etara egitea erabaki dugu”. Haurren lasterketarik ez da izango, beste ekitaldi batzuk ere badaudelako eta ondorioz parte hartzea eskasa zelako: “Umeen dantza emanaldi bat dago larunbatean ere, haur asko ez ziren apuntatzen eta urrian errelebo lasterketa daukagunez, erabaki dugu aurten ez egitea”.
Iaz, errekorren urtea
Beasaingo XV. Herri Lasterketa, iazkoa, errekorren edizioa izan zen. Bakarkako 10 kilometroko proban –nesketan eta mutiletan– nahiz 5 kilometroko mistoan errekorrak jarri zituzten irabazleek. Aitor Etxeberria igeldoarrak 31 minutu eta 24 segundoan osatu zituen 10 kilometroak, eta Laiane Arrospide tolosarrak 39 minutu eta 27 segundoan; Nerea Baena eta Oier Talledo (Arrasate-Legazpi) bikoteak 18 minutu eta 33 segundoan egin zituen 5 kilometroak.
Trafikoan eragina
Herriko hainbat kale trafikoari itxita egongo dira 18:00etatik 19:00etara. Peategi kalerako sarbidea eta Zapatari kalea Trenbide kalerantz itxiko dira. Zaldizurretako biribilgunetik ere ezin izango da Zaldizurreta eta Joan Iturralde kaleetara sartu. Ondorioz, Beasaingo herrigunera eta Ezkiaga auzora iristeko Ordiziako Malkasko auzotik joan beharko da (CAFetik). Horrekin batera, erdiguneko oinezko gunera ezingo da sartu lasterketak dirauen bitartean. Gidariei trafikoan laguntzen izango direnen adierazpenak jarraitzea eskatu die udalak, eta larrialdi bat sortuz gero lasterketako antolatzaileekin edo udaltzaingoekin harremanetan jartzea aholkatu du.













