II. Gaztetxeak Bertsotan sariketako kanporaketa Beasainen da, larunbatean
Beasaingo kanporaketan Jokin Onaindia eta Unax Aizpurua, Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua eta Maddi Lasa eta Maddi Agirre ariko dira bertsotan, 20:00etatik aurrera.
Beasaingo Gaztetxea.Kerman Garralda II. Gaztetxeak Bertsotan sariketaren bigarren kanporaketa larunbatean Beasaingo Gaztetxean izango da. Guztira 24 bertsolari gaztek parte hartuko dute Euskal Herriko hainbat gaztetxetako oholtzetan egingo den sariketan. Beasaingo kanporaketan Jokin Onaindia eta Unax Aizpurua, Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua eta Maddi Lasa eta Maddi Agirre ariko dira bertsotan, 20:00etatik aurrera. Saioaren aurretik eta ondoren binilo pintxada izango da. Bokatak jarriko dituzte salgai.
Lehenengo kanporaketa egun bat lehenago izango da, ostiralean, otsailaren 6an, Hiltegixe Berrizko Gaztetxean. Han Janire Arrizabalaga eta Maddi Aurtenetxe, Iradi Barrenetxea eta Aitor Tatiegi eta Egiar Otegi eta Irune Basagoitik kantatuko dute. Hirugarren kanporaketa Garaziko Gaztetxean egingo dute otsailaren 20an, eta laugarrena maiatzaren 1ean Txantreako Gaztetxean.
Sormen tailerra, igandean
Igandean, berriz, sormen tailerra antolatu du Beasaingo Gaztetxean Melmak gazte asanbladak. 17:00etan Totem Loba film laburra proiektatuko dute, eta gero kartel esperimentala sortuko dute filmean oinarrituta. Irakurle zikloa ere dute martxan; martxoaren 1ean elkartuko dira Annie Ernaux-en Gertakizuna liburuaren inguruan eztabaidatzeko.













