Koplaz kopla, herriz herri
Goierriko herri gehienetan ibiliko dira kantari gaur, Santa Ageda bezperan. Urtero Santa Ageda bezperako kopla berriak sortzen dituzte itsasoarrek.
Santa Ageda bezperako kopla emanaldia, iaz Itsason. Lide Egizala Santa Ageda bezperan oles egiteko ohitura dago Euskal Herrian. Aurten ere, Goierriko herri gehienetan irtengo dira kantu-eskean. Herri batzuetan Santa Ageda ohiturari buelta bat eman zaio eta kopla berriak sortzen dituzte.
Itsason adibidez, kopla emanaldia egingo dute, igandean. Duela bi aste koplak sortzeko bildu ziren herritarrak. Hamar urte daramatzate Itsason ohitura zaharrak berritzeko ekimen hori egiten. Koplen bidez aurreko urteko «gertakarien errepasoa» egiten dute, eta normalean «umore puntua» izaten dutela dio, Gorka Sasietak, Itsasoko batzordeko kideak. Kopla berriak sortzen dituzten arren Santa Ageda bezperan ez dira kantu-eskean ibiltzen.
Emanaldia Alegi auzoko elkartean egingo dute igandean, bigarren solairuaren irekiera-ekitaldia egingo baitute 12:00etan. Inaugurazio ekitaldiaren amaieran egingo dute Santa Ageda ospakizunari dagokion kopla emanaldia, mokadutxoan aurretik.
Ezkion ostiralean
Ezkion, berriz, ostiralean, otsailaren 6an ospatuko dute usadiozko Santa Ageda bezpera. Udaletxe aurrean entsegua egiteko deia egin du Ezkioko Udalak, 17:30ean. Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin Errotaburun hasiko dira kantuan, 18:00etan.
Amaitzeko afari legea egingo dute Argindegi ostatuan, 20:30ean. Afaltzera joateko izen-emate epea gaur bukatzen da. 12 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Afaltzeko helduentzat eta haurrentzat menu desberdina dago.
Gazteek hanburgesa, frijituak eta patata frijituak dituen plater konbinatua izango dute, nahi duenak aukeran gaztarekin, eta, postrerako izozkia edo txokolatezko koulanta aukeran eta edateko ura eta freskagarriak izango dituzte.
Helduek berriz entsalada mixtarekin lagunduta hiru plater izango dituzte aukeran: txipiroiak tintan, saiheskia patata frijituekin edo oilasko izterra patata frijituekin. Postrerako torrada kremarekin izango dute, eta sagardoa, ardoa eta ura edari.
Egitaraua herriz herri
- Ataun: Gaur, goizean, eskolako haurrak eta 17:00etan helduen santa eskeak, San Martingo plazatik abiatuta.
- Beasain: Gaur, egunean zehar ikastetxeetako haurrak kantuan ibilko dira eta 18:30ean, Kantujirako taldekoak.
- Ezkio: Otsailaren 6an, ostiralean, 17:30ean, udaletxe aurren elkartuko dira entseguak egiteko. 18:00etan, Errotaburutik hasita kopla kantua, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin. Ibilbidea: Errotaburu, Beiti, Igartuerdi, Plazategi, Garaion, Goetxe, Pagoa, Gurutzeondo eta Argindegi ostatua. 20:30ean, afaria Argindegi ostatuan.
- Gabiria: Gaur, goizean, Balentzategi herri eskolako haurrak eta irakasleak, herri-kaskoko etxeetan ibiliko dira. 14:00etan, helduen taldea, herriko bertsolariak koplari hartuta, Ostatuan elkartuko da. Herrigunetik kanpoko baserrietan ibiliko dira lehenbizi. 16:30ean kaskora itzuli, eta han etxez etxe kantatuko dute.
- Idiazabal: Gaur, 17:00etan, Kantu Jira taldeak antolatuta kantu eskea. Plaza Nagusian amaituko da.
- Lazkao: Gaur, egunean zehar, ikastolako haurrak eta 18:30ean, Jotake Lazkaun taldeak antolatuta, San Prudentzio ermitatik abiatuta. Ondoren, afaria, arrautza jana.
- Legazpi: Gaur, 19:00etan, Santikutz abesbatzaren erronda, Laubidetik abiatuta.
- Legorreta: Gaur, 19:00etan abiatuko dira herriko plazatik.
- Ordizia: Gaur, egunean zehar ikastetxeetako haurrak eta 19:30ean Larrun Arri abesbatzako kideak herrian zehar ibiliko dira kantuan.
- Ormaiztegi: Gaur, 17:30ean, entsegua udaletxepeko lokalean. 18:00etan, udaletxepetik abiatuta, Santa Ageda bezperako koplak kantatuz ariko dira.
- Segura: Gaur, 10:00etan, herri eskolakoek, Atseden jubilatu elkartekoek, koruak, egoitzakoek eta herritarrek egingo dute herri buelta. Otsailaren 7an, 19:00etan, Elorri elkartetik abiatuta; ondoren afaria.
- Zaldibia: Gaur, Oles Eguna ospatuko dute herri eskolan, 11:45ean hasita.
- Zegama: Gaur, 18:30ean aterako dira (ahal dela, baserritar jantziz) Askatasunaren Etorbidean dagoen parketik, Tobera Musika Eskolako trikiti, pandero eta perkusioko ikasleek lagunduta. Ondoren mokadutxoa, Ostatuan parte hartzaileentzat.
- Zerain: Herri eskolako ikasleak gaur 09:30ean kantuan aterako dira eskolatik. Bolatokian, errotondan, ostatuan eta parkean kantatu, ondoren, plazan amaituko dute jarduna 11:30ean. Uharka abesbatzak eta ZerainLabek antolatuta, 15:00etan, Aizpe eta Barbari auzoetan eta 17:00etan, plazatik aterata, herri inguruko baserri eta etxeetan ibiliko dira kantuan. Iluntzean bi taldeak elkartuko dira herri kaskoan. Dirua, Korrikako lekukoa erosteko, eta Liztormendi eta ZerainLabentzat izango da. Eskea amaitu ondoren, afaria izango dute Ostatun.
- Zumarraga-Urretxu: Gaur arratsaldean, ikastetxeetako taldeak eta 19:00etan, Zumarragako plazan hasi eta Urretxuko eta Zumarragako kaleetan zehar ibiliko dira Goiargi abesbatzako kideak.













