Larunbatean jarriko dituzte azokako bonuak salgai
Bertako produktuen azokan salduko dituzte. 10 euroan erosi eta 20 euro gastatzeko aukera emango dute.
Larunbatean (otsailak 7) bertako produktuen azoka egingo dute Loinazko San Martin plaza azpian. Negu garaiko produktu freskoen eskaintza zabala eskainiko dute ekoizleek; besteak beste, baratxuri freskoa, porrua, azalorea, aza, brokolia, pak txoia eta letxuga erosteko aukera izango dute herritarrek. Azokako bonuak jarriko dituzte salgai.
Aurtengo berritasun nagusia Altzagako postuaren parte hartzea izango da. Hala, azokan, lehen aldiz, mota askotako ogi ekologikoak jarriko dira salgai, udalaren esanetan, “tokiko ekoizpen jasangarriaren aldeko apustua indartuz”.
Azokaren bidez, baserritarren lanari eta, oro har, lehen sektoreari dagokion balioa aitortu nahi zaio. “Gainera, bezeroek ekoizleekin harreman zuzena izateko aukera dute, produktuen jatorriari buruzko informazio zehatza jasoz, baita horiek erabiltzeko eta sukaldatzeko aholkuak ere”.
10:00etatik aurrera
10:00etan irekiko dute bertako produktuen azoka, eta ordu berean bonuak jarriko dituzte salgai. 10 euroko bonua erosita, azokako postuetan 20 euroko erosketa egiteko aukera izango da.
13:30ean, berriz, azokako produktuez osatutako bi saski zozketatuko dituzte azokan erosketak egin dituztenen artean. 14:00etan amaituko da bertako produktuen azoka. Udalak herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera, “bertako ekonomia indartzen duen eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritzen den kontsumo eredua bultzatzeko”.













