Ordiziako igerilarien erakustaldia Gipuzkoako Txapelketan
25 igerilarik hartu dute parte. Errekor ugari lortu dituzte, banaka zein taldeka. Txapelketa «gogorra» izan dela azaldu dute, baina «gogotsu» dira denboraldiarekin jarraitzeko.
Joan den asteburuan infantil, junior eta absolutu mailetako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Irungo Azken Portu igerilekuan. Lau jardunalditan banatutako lehiaketa «gogorra» izan zen, baina maila ezin hobea erakutsi zuen Ordizia Igeriketa taldeak. 25 igerilarirekin hartu zuen parte.
Igerilekuan emandako saio luzeek markatutako lehiaketa izan bada ere, nekea gorabehera, «balantze positiboa» egin du klubak. Errekor ugari lortu dituzte, gainera: klub gisa emakumezko zein gizonezkoen 4×50 estiloak erreleboan, 4×50 libre mistoan eta 4×50 libre gizonezkoetan; eta banakakoetan, berriz, Nerea Gorjonek lortu zuen, 50 metro bizkar proban.
Banakako emaitzei dagokienez, emaitza onak lortu dituzte ordiziarrek: Lander Sarriegik hirugarren sailkaturiko bi postu eskuratu zituen 200 bular eta 100 estilo probetan; Unai Etxeberriak lehen postua lortu zuen 100 estilo eta 50 bular probetan, eta hiurgarren postua, berriz, 50 bizkar eta 50 tximeleta probetan; Garazi Arrietak ere aurreneko postua eskuratu zuen junior mailako 50 tximeleta proban, eta proba berdineko bigarren absolutu mailan, hirugarren postua eskuratu zuen June Zubirik.
Taldekako lehian ere, ez zen gutxiago izan Ordizia Igeriketa taldea. Bi brontzezko domina lortu zituen 4×200 libre absolutuan eta 4×100 libre, berriz, juniorrean. Horrez gain, beste zenbait domina ere lortu zituen 4×100 estiloak erreleboetan, bai junior mailan eta baita maila absolutuan ere.
Oro har, txapelketa «gogorra» izan dela azaldu dute taldeko kideek, baina igerilari zein pertsona gisa izan duten garapenerako «baliagarria» izan zaiela azaldu dute. Denboraldiaren orain arteko balorazio bat ere egin dute: «Oso ondo doa, eta datozen asteetan ere beste hitzordu garrantzitsu batzuk izango ditugu, hala nola Euskal Herriko Txapelketak junior, absolutu eta infantil mailetan. Ilusioz eta gogoz lanean jarraituko dugu».













