‘Otsail eroa’ antolatu dute Ormaiztegin, larunbatean hasita
Bertso afaria izango da larunbagt honetan Ane Zuazubiskar, Mikel Iturriotz eta Aitor Bizkarra bertsolariekin.
Mikel Iturriotz urretxuarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako 1. kanporaketan, Urretxun, 2024an. Asier Zaldua Orain hilabete batzuk Udako plangintzak edo Kintoburue bezalako ekintzak antolatu ondotik, Otsail eroa izeneko egitasmoa prestatu du Ormaiztegiko Harrikalariak gazte asanbladak. Lau ekitaldiz osatutako egitaraua antolatu dute, inauteriak barne eta larunbat honetan bertan emango diote hasiera.
Bertso afaria izango da egitasmoak dakarren lehendabiziko proposamena, Ane Zuazubiskar, Mikel Iturriotz eta Aitor Bizkarra bertsolariekin. Larunbatean, 20:30ean emango diote hasiera gizarte etxean. Sarrerak 20 euroan daude salgai Murua, Hogar eta Zipotz tabernetan. Otsailaren 14an jarri dute hurrengo hitzordua, mozorrotuta inauteriak herrian ospatzeko helburuarekin.
Otsailaren 21ean, bakarrizketa saio bat antolatu dute Lander Varona, Asier K eta Leo Bueriberirekin. Saioari 19:30ean emango diote hasiera gizarte etxean. Sarrerak dagoeneko salgai daude Zipotz eta Murua tabernetan. Aldez aurretik 5 euroko kostua izango du eta egunean bertan 7 eurokoa. Martxoaren 1ean itxiko dute Otsail eroa Jose Mari Goenaga ordiziarraren eta Aitor Arregi oñatiarraren Maspalomas filmaren emanaldiarekin. Oraindik ez dute ordurik eta lekurik zehaztu. Maspalomasek otsailaren 28ko Goya sarietarako 9 izendapen ditu, tartean, aktore protagonista onenarena, Jose Ramon Soroiz legorretarrarentzat. Soroizek Forque eta Feroz sariak ere jaso ditu berriki lan honengatik.













