Xabin Fernandezek lan berria estreinatuko du Bilbon
Azaroan irabazitako Lautan Hiru lehiaketako sariaren emaitza da ‘Zaku berekoak’ lana. Bakarrizketa gisa egituratutako txotxongilo emanaldia ondu du. Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztuko du, bihar; pozik bezain gogotsu da goierritarra.
Xabin Fernandez, eskuz egindako panpinekin. Itsaso Egurbide Euskaltzaindiak Bilboko Udalaren babesarekin antolatzen duen Lautan Hiru lehiaketa irabazi zuen, iragan azaroan, Xabin Fernandez Zubeldia legorretarraren Gehibat Kultura Elkarteak. Lorpen horri esker, hiru hilabeteko epea izan du lehiaketara aurkeztutako Zaku berekoak proiektu laburra garatu eta sortzeko. Bada, iritsi da proiektu hori jendarteratzeko eguna, eta bihar estreinatuko du Bilboko Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioan.
Ekimen horrek euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modua ematea ditu helburu. Aurtengoan, formatu txikiko zortzi euskarazko antzezlan hartuko ditu egitarauak, gaur hasi eta hilaren 26ra bitarte; legorretarraren proposamenak zabalduko du jardunaldia, bihar arratsaldean.
Bakarrizketa gisa egituratutako txotxongilo emanaldia ondu du Fernandezek, eta gizakiaren barneko haustura erakustea du xedetzat. Hain justu, bere urtebetetze festa ospatzeko lagunak gonbidatzen dabilen gizon bat da kontakizunaren protagonista, baina inork ez dio erantzuten. Taldeak prestatutako sinopsiaren arabera, «oroimenaren eta eromenaren artean igeri dabilen arima baten istorioa» da lana.
Aurreneko esperientzia
Txotxongiloek lehen instantzian sortu ohi duten «irudi eta ohitura infantiletik harago» joan nahi izan du aktoreak, eta errelato horri buelta bat ematen saiatu dela nabarmendu du: «Txotxongiloak umeentzako soilik direla pentsatzeko joera erroturik dago gizartean, baina txotxongiloek ere euren dramak dituztela eta beste errelato batzuk konta ditzaketela erakutsi nahi izan dut». Hori dela eta, tonua eta forma egokitu ditu, eta azkenerako, umore beltza darabilen kontakizun dramatikoa ondu du.
Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztuko du goierritarrak berak idatzitako obra, eta horrek «presio pixka bat» eragiten badio ere, «pozik eta gogotsu» dela ziurtatu du: «Esperientzia berria da niretzat. Erronka bat, finean. Azkenean, txotxongiloen laguntzaz kontatuko dudan aurreneko istorioa da, eta kontakizun horretan, ni naiz hezur-haragizko pertsona bakarra». Maddi Gorostiaga zuzendariarekin elkarlanean, panpinez osatutako familia osoa ondu dute eskuz, traste zaharrak berrerabilita. Horrek guztiak lanari «karga emozionala» erantsi diola onartu du: «Panpin bakoitzaren sormen prozesua ezberdina izan da, bakoitzak bere istorio txikia du».
Ohikotik aldenduta
Aktore gisa ere, ohiko erregistroetatik zein lan-formetatik aldentzea ekarri dio proiektuak. «Orain arte beti izan naiz testuan eta buruan oinarritzen den aktorea, baina proiektu honekin lan egiteko modua aldatu behar izan dut, erabat. Pazientzia handia eskatu dit, beste gauza batzuen artean, panpin bakoitza era berezi eta bakar batera manipulatu behar zelako. Martzianada bat da, eta alde horretatik ere erronka bikoitza», azaldu du. Bide horri guztiari azkenerako aterako zaion emaitzaren zain da legorretarra, eta gaur arratsaldean ebatzi ahal izango du.













