1.050 euro, Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat
Zeraingo Olentzero Solidarioa ekimenak bere fruituak eman ditu aurten ere. Gaur goizean txekea eman die zeraindarrek elikagai bankuko ordezkariei.
Zeraingo herri eskolako ikasle eta irakasleak, ZerainLabeko ordezkariak eta Gipuzkoako Elikagai Bankuko arduradunak, gaur goizean Zerainen. Josune Zarandona Aurten ere Olentzero Solidarioa ekimena antolatu dute Zerainen Gabon garaian, ZerainLab-ek eta Zeraingo herri eskolak elkarlanean. Guztira, 1.050 euro bildu dituzte, eta azkeneko sei urtetan egiten ari diren bezalatsu, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari eman diote jasotakoa.
Gaur goizean egin dute diru-emate ekitaldia Zeraingo herri eskolan. Eskolako eskolako haurrak eta irakasleek, ZerainLabeko Jexux Ezeizabarrenak, Ixiar Alustizak eta Maria Jexux Mendizabalek eta Gipuzkoako Elikagai Bankuko lehendakariak, Belen Mendez de Vigok eta Urola, Deba eta Goierri bailarak hornitzen dituen Bergarako Elikagaien Bankuko ordezkariak, Jose Mari Beitiak hartu dute parte ekitaldian.
Txekeaz gain, Zeraingo eskolako haurrek herriko aroztegian egurrez egindako plaka bat eman diete opari elikagaien bankuko ordezkariei. Haiek ere ez dira esku hutsik joan Zerainera eta gozoak banatu dituzte ikasleen artean, hauen pozerako.
Elkarlana eta elkartasuna
Urte batzuk badaramatzate Zerainen Gabonetako ekimen honetan bildutakoa elikagaien bankuari ematen. Olentzero Solidarioa 2015ean jarri zuen martxan ZerainLabek eta 2021etik bildutako dirua elikagai bankuari ematen diote, pandemiaren ondoren zegoen beharra agerian geratu zelako. ZerainLab eta eskolakoen arteko elkarlanak lau urte bete ditu aurtengo ekinaldian.























