Areto futbolaz gozatzen
Sei urteren ondoren, Ataunen areto futboleko taldea sortu dute. Gipuzkoako hirugarren mailan ari da jokatzen. Areto futbolaz gozatzen ari dira Ataunen.
Ataun Koldo Kerejeta taldea. Itzuli eta irabazi. Sei urteko etenaren ondoren, Ataunen areto futboleko taldea osatu dute 18 eta 22 urte bitarteko 11 gaztek eta ligako lehen itzulian partida guztiak irabazita, sailkapen buruan doaz ataundarrak. Lehenago ere izan zen talde bat herrian: Troskaeta, 2013an sortua eta 2019ra arte jardunean egon zena. Orain talde gazte honek haien urratsak jarraitu nahi dituzte.
Ataun Koldo Kerejeta, areto futboleko taldeak Errenteriko Gamon-Auzi taldearen aurka etxean jokatuko du, gaur, 22:30ean, Auzoeta kiroldegian. Partida «garrantzitsua» da gaurkoa, partida irabazteak hurrengo faserako «txartela» emango diela adierazi baitu Endika Apalategi entrenatzaileak. Errenteriko Gamon-Auzi taldearen aurka irabazita gainera, hurrengo fasera «matematikoki» sailkatuko da Ataun.
Hirugarren mailan
Gipuzkoako areto futboleko hirugarren mailan jokatzen du Ataunek. Maila horretan hogei talde daude bi multzotan banatuta. Bost norgehiagoka gelditzen zaizkie fase hau amaitzeko. Guztira, 18 partida jokatuko dituzte. Ondoren hasiko da igoera fasea multzo bakoitzeko lehenengo lau sailkatuen artean.
Lehenengo itzulian partida guztiak irabazi zituzten. Bigarren itzuliaren hasieran lesio «garrantzitsu» bat izan zutela nabarmendu du Apalategik. Baina «taldeak sendotasuna erakutsi du taldekide gutxiagorekin partidak aurrera ateratzean».
«Taldeak sendotasuna erakutsi du taldekide gutxiagorekin partidak aurrera ateratzean»
Endika Apalategi. Ataun Koldo Kerejeta
Axel Goikoetxea taldeko jokalari eta presidenteak, sailkapeneko «lehenengo bi postuetan» amaitzearen garrantzia azpimarratu du: «Hurrengo fasean etxean partida bat gehiago jokatuko genuke». Gainera, datorren faserako taldea «gogotsu» dagoela diote, nahiz eta taldekide batzuk «lesionatuta» egon eta horrek azken partidak «zaildu» dizkieten.
Herrian giro «harrigarria»
Ataun Koldo Kerejeta taldearen itzulerarekin gustura daude ataundarrak. «Herrian sortzen den giroa harrigarria ari da izaten» adierazi du Goikoetxeak, kiroldegia bi astez behin «bete» egiten dela. Hemendik aurrerako duten helburua herriko giro hori mantentzeko «ekintzak» egiten jarraitzea da.
«Partiduro kiroldegian sortzen den giroa harrigarria da, frontoia jendez bete egiten da»
Axel Goikoetxea. Ataun Koldo Kerejeta
Garbi dute, alde batetik, «maila mantendu beharra» daukatela. Baina bestetik, «herritarrei» zuzenduta ekimen desberdinak antolatzen segi nahi dute. Adibidez, Beñat Zubizarreta Baikoko pilotari ataundarrak ohorezko sakea egin zuen joan den urtarrilaren 16an. Goikoetxeak gogoratu du Gabonetako saski bat zozketatu genuen bazkideen artean.
Goierriko talde gehiago
Ataunen bakarrik ez. Goierriko herri desberdinetan aspalditik dute areto futboleko taldea. Gipuzkoako hirugarren mailan, Ausa Zaldibi eta Urretxuko Goierri KE taldeak daude Ataungo taldearekin batera.
Zaldibiako taldea 4. postuan dago eta igoera fasera joatea jokatzen ari da. Ataun eta Zaldibiak behin ikusi dute elkar, eta 3-0 irabazi zuten ataundarrek. Urretxuko Goierri KE taldea berriz 9. postuan doa eta 16 puntura dago 4. postutik.
Maila bat gorago, gizonezkoen ohorezko erregional mailan Legorretako Bilkoin Basabe eta Idiazabalgo Baireformas taldeak daude. Legorretako taldea lehenengo postuan dago, eta Idiazabalgo taldea berriz azkeneko postuan. Elkarren aurka jokatutako partidan legorretarrek 13-3 irabazi zuten.












