Hemeretzigarrenez bueltan da Ahoz Aho Jaialdia
Astelehenean hasi eta martxoaren 27ra arte iraungo du jaialdiak. Ahozkotasunaren gala nagusiarekin bukatuko da.
Jaialdiaren antolatzaileak, kontalari eragileak eta Tolosako eta Ordiziako udaletako ordezkariak, gaur, jaialdia aurkezten.Izaro Villarreal Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa ospatuko dute aurten, eta gaur eman dute datozen bi hilabeteetan luzatuko den jardunaldiaren berri. Jaialdiaren zutabe nagusiak Ordizia eta Tolosa badira ere, guztira hamazazpi herritan izango dira ekitaldiak, eta Euskal Herriko zein nazioarteko artistek hartuko dute parte. Ordizian ez ezik, Ataunen eta Zerainen ere egingo dira jarduerak. Zerainen hasiko da, astelehenean, eta martxoaren amaiera arte iraungo du.
Ordiziako Barrenan eman dute jaialdiaren edizio honen berri, eta Adur Ezenarro izan da hitza hartzen lehena. Ahozkotasuna bultzatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Gure identitatearekin lotzen gaitu ahozkotasunak, eta garrantzitsua da adimen artifizialaren garaiotan, ahozkotasuna, bat-batekotasuna, zuzeneko harremana, emozioa eta pertsona bilakatzen gaituen oro aldarrikatzea”. Hain justu, hori guztia bilduko du ekimenak.
Santa eskeetan lurra esnaarazteko erabiltzen diren makila eta ahotsekin lotu du ekimena Goiuri Ezeiza Tolosako kultur zinegotziak, eta “ahotsaren garrantzia” mahai gaineratu du: “Ahoz ahok erakusten digu ahozkotasunari zein hitzei esker unibertso erraldoiak eraiki daitezkeela”. Herrien arteko sinergiari ere egin dio erreferentzia, eta baita aurtengo egitarauaren aniztasunari ere: “Tamalez ohituta gaude musika jaialdi handietako karteletan gizonezkoen taldeak soilik ikustera, baina Ahoz aho jaialdian badago genero aniztasun hori: badaude emakume kontalariak, gizon kontalariak, gazteak, helduak, hasi berriak direnak, esperientzia dutenak… eskertzekoa da hori”.
Hamalaugarrenez jarraian, Ordizian egingo den Ipuin Narrazio Lehiaketa ere gogoan izan du Ezenarrok, eta parte hartzeko deia zabaldu die herritarrei. Datorren astean zabalduko da izen ematea, eta martxoaren 13an izango da aurreneko saioa; izena ematen dutenek ipuinak kontatuko dituzte eta handik, hiru kontalari sailkatuko dira Ahozkotasunaren Galan martxoaren 27an egingo den finalera. Iñaki Carretero kontalariak plaza “berezi” horrek ematen dituen “aukerez” jardun da: “Kontalari profesionalak atera izan dira bertatik, eta herriko kontalariei ere eskaintzen zaie plaza. Polita izaten da”.
Euskal Herrikoak zein nazioartekoak
Parte hartuko duten 30 artistetatik sei Euskal Herritik kanpokoak dira. Horietako batzuk dira Ifigeneia Kakridoni (Grezia), Simone Negrin (Italia), Aldo Mendez (Kuba),Andre Roldan (Kolonbia), Mar Amado (Peru) eta Estrella Ortiz (Gaztela-Mantxa).
Jaialdiari itxiera emateko Euskal Kontalarien Topaketa egingo da. Kalabaza sarietako bat Kike Amonarriz tolosar euskal umoregileak jasoko du, eta beste biak sorpresa izango dira.
Goierriko jarduerak
Otsailak 16: Zerain. Maider Alcelay. 15:30. San Blas ermitan.
Otsailak 28: Ordizia. Gertuko magia kale ikuskizuna. 19:00. Plaza Nagusia eta Garagartza plazan.
Martxoak 9: Ordizia. Maite Franko. 17:30. Barrena jauregian.
Martxoak 10: Ordizia. Betzaida Urtaza. 10:00. Jakintza Ikastolan.
Martxoak 13: Ordizia. XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketa. 18:30. Barrena jauregian.
Martxoak 15: Ordizia. Andre Roldan. 18:30. Barrena jauregian.
Martxoak 18: Ordizia. Josune Garcia de Bikuña. 10:00. Urdaneta Ikastetxean.
Martxoak 19: Ataun. Radio Rebelde. 19:00. Troskaeta tabernan.
Martxoak 27: Ordizia. Ahozkotasunaren gala nagusia. 18:30. Barrena jauregian.












