Lorategi, parke eta berdeguneen kontserbazio zerbitzua kontratatuko du udalak
Urtarrileko osoko bilkuran kontrataziorako baldintza pleguak onartu eta deialdi publikoa egitea onartu du udalbatzak aho batez.
Nafarroa etorbideko lorategi bat.Beasaingo Udala Lorategi, parke eta berdeguneen kontserbazioa eta hobekuntza zerbitzua kontratatuko du Beasaingo Udalak. 398.595,62 (BEZaren 81.404,38 euro gehitu behar zaizkio) euroko aurrekontua zehaztu du horretarako, eta 5 urteko iraupena izango du kontratuak. Kopuru horretatik 18.244,67 (BEZ gabe) material eta lan berezietarako bideratuko dira, eta 8.061,94 euro lorezaintza hobekuntza lanetarako.
Urtarrileko osoko bilkuran kontrataziorako baldintza pleguak onartu eta deialdi publikoa egitea onartu du udalbatzak aho batez. Udal gobernuak ohar bidez adierazi duenez, “parte-hartzea gizarte ekimeneko enplegu-zentro bereziei eta araututako gizarteratze enpresei erreserbatuko” zaie modu horretan.
Udalak “kalitatezko zerbitzu publikoak eta gizarte erantzukizuna uztartzen dituen kontratazio ereduan sakontzen” jarraitu nahi du, “udalerriko ingurune berdea zaintzeaz gain, laneratze aukerak sortuz”.
Sagastiguti parkeari arreta berezia
Kontratuak askotariko jarduketak jasotzen ditu: kontserbazio orokorra (ureztatzeak, ureztatze sarearen mantenua, soropilen mozketa, aireztatzea, mozketak…), landaketa berriak, zuhaiztiaren kimaketa lanak, berdeguneak hobetu eta egokitzeko lanak, horma eta espaloiak landaredi eta hostoz garbi mantentzea, segurtasun publikoa mantentzeko lanak, inausketak edo zulaketak, besteak beste.
Baita Sagastiguti parkearen mantentzea ere. Azken horri arreta berezia jarriko dio udalak, “aisialdirako gune eta babes-klimatiko gisa duen garrantzia aintzat” hartuta. “Astero hiru garbiketa egingo dira egonleku eta paperontzietan, eta hango hiri altzaria garbitu eta zainduko da, bideak mantentzeko urtean hiru tratamendu herbizida osatuko dira, hormigoizko arketa eta kutxatilak garbi mantenduko dira eta garbiketa sakon bat egingo da urtean behin”.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren proposamenari abstentzioa
Urtarrileko osoko bilkuran beste proposamen batzuk ere onartu dira. Kontratazioen artean, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren kontratua esleitzeko proposamena onartu da, EH Bilduren abstentzioarekin. Loinazko etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta eguneko zentroa emateko kontratuaren luzapena aho batez onartu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Loinatz eguneko zentroa finantzatzeko hitzarmeneko 2025eko modulu ekonomikoen aldaketa ere aho batez onartu da.
Dirulaguntzak ere onartu dira, aho batez: 2026ko Loinatz Jaietako kartel lehiaketakoa, 2026an kultura-sorkuntza sustatzeko laguntzena, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako estimulazio/errehabilitazio programena, eta Gizarte izaerako laguntzena. Berri emateen artean, Aitor Urdangarin Irastorza zinegotziaren lanaldi erdiko dedikazio osoari uko egitearen berri eman da.












