Sasoi onean da Argi Berriko mus txapelketa azkarra
Bihar jokatuko da 47. edizioa; 3.000 euroko saria dago jokoan. Iazko arrakasta bera lortu nahi dute antolatzaileek.
Iazko muslariak, Urdanetako ikastetxeko kanporaketetan. Iñaki Gurrutxaga Gorriz markatutako egun garrantzitsua izan ohi da Ordiziako Argi Berri elkarteak antolatzen duen mus txapelketa azkarra; Goierriko eta inguruko muslarien urteko hitzordu kuttunena izan ohi da, hutsik egin ezin den horietakoa. Arrakasta handia izan du beti, baina are arrakastatsuagoa bihurtu da azken urteotan, eta horixe islatzen dute urtez urte parte hartu duen bikote kopuruak. Inoiz baino muslari bikote gehiago izan ziren iazko edizioan, eta urteetan gainditu ezin izan den parte-hartzaileen langa gainditu zen –160 bikotek parte hartu zuten–. Aurtengoan ere, dinamika horri eutsi nahi diotela azaldu du Miguel Alonso antolatzaileak: «Dena iaz bezala izatea espero dugu, oso ondo atera baitzitzaigun».
Ia mende erdiko ibilbidea du txapelketak. 47. edizioa da aurtengoa, eta bihar arratsaldean jokatuko da. 16:30ean hasita, aurreneko hiru kanporaketak Urdaneta ikastetxean jokatuko dituzte, eta azkeneko faseko partidak, gero, Argi Berriko elkartean. Ikastetxeak zein gainerako kolaboratzaileak eskaintzen dizkieten «erraztasunak» eskertu ditu Alonsok: «Zorte handia dugu, eta azpiegituran, esaterako, nabarmena da hori; ikastetxeko jantokian jokatzen ditugu aurreneko partidak, eta bertako eremua erabiltzen dugu aparkaleku gisa, ez baita erraza halako auzo batean hamarnaka auto izkina batean sartzea». Bikoteko 50 euro ordaindu beharko dira izena ematerakoan, txapelketa hasi baina ordubete lehenago. 4 erregetara jokatuko da.
Ia mende erdi
1978an antolatu zen aurrenekoz, eta geroztik, pandemia garaian soilik geratu zen jokatu ezinda. Goierritarrek orain hiru urte irabazi zuten azken aldiz, eta etxean geratu zen txapela, Joseba Ona eta Josean Rojo ordiziarrek irabazi baitzuten. Goierritarrez gain, iaz Euskal Herriko beste 57 txoko ezberdinetako muslariak hurbildu zirela dio Alonsok, eta hain justu, aniztasun horrek «berezitasuna» ematen diola azaldu du.
Saria ere nabarmen puztu zuten iaz, eta «erakargarritasuna irabazi» duela uste dute antolatzaileek. Aurtengoan ere, hala, irabazleek 3.000 euro dirutan eta Kiko-Enea tabernak emandako txapelak eskuratuko dituzte, baina gainerako zazpi sailkatuek ere izango dute saririk: bigarrenak 1.000 euro; hirugarrenak 500 euro; laugarrenak 250 euro; bosgarrenak Xixio Mujika harategiak emandako arkume bat eta bi txuleta; seigarrenak Kuko jatetxean bi afari eta Iñaki Azurmendi harategiak emandako bi txuleta; zazpigarrenak lau afari IPOP gastrobarrean; eta zortzigarrenak beste lau afari Tximista sagardotegian. Elkarteko lehenengo bikoteak ere, Zeberio harategiak emandako bi txuleta jasoko ditu eta herriko lehen bikoteak, berriz, Siglo XX harategiak emandako arkume bat.













