Urteko autobusaren saria jaso du Irizarren ie bus Efficientek
Espainiako Garraioaren Sarietan jaso du aitortza Irizarrek. Asteazkenean izan zen sari banaketa ekitaldia Madrilgo (Espainia) Novotel Madrid Center hotelean.
Irizarren ie bus Efficientek urteko autobusaren saria jaso du Madrilen egin den Espainiako Garraio sarietan. Iñigo Azcona Irizar e-mobilityko Espainia eta Portugaleko zuzendari komertzialak jaso du saria, asteazken honetan, konpainiaren izenean. Irizar e-mobilityk esker ona helarazi nahi izan die bai epaimahaikideei eta baita antolakuntzari, errekonozimendu honengatik.
Irizarren ibilgailu berriak “aurrerapen garrantzitsuak” ditu eraginkortasunari, gaitasunari, irisgarritasunari, erosotasunari, segurtasunari eta jasangarritasunari dagokienean. Erabat elektrikoa da eta Irizarrek “hiri autobus elektrikoen sektorean daukan 15 urtetik gorako esperientzian oinarrituta” diseinatu dute. Irizar ie bus Efficient berria “konpainia osatzen duten pertsona guztiek egindako lan handiaren” emaitza dela adierazi dute, eta haiei eskaini diete saria.
Konpainiak Espainiako Garraio sarietan jaso duen laugarren saria da aurtengoa. Aurretik 2015ean, i2e ibilgailuarentzat izan zen saria; 2018an, Irizar ie tramarentzat, —urteko ibilgailu industrial ekologikoaren saria eraman zuen—, eta 2021ean, belaunaldi berriko Irizar ie busak jaso zuen saria.
Sariketa honetan, Espainiako urteko ibilgailu industrial onenak saritzen dituzte. Sektoreko profesionalen eta garraio enpresa nagusietako operadoreen ordezkaritza handi batek osatzen du epaimahaia.
Irizar ie bus Efficient berria
Irizar e-mobilityk 2025eko urrian aurkeztu zuen Irizar ie bus Efficient autobusen belaunaldi berria. Plataforma berri honekin, konpainiak jauzi “kualitatiboa eta kuantitatiboa eman du, eta posizioa hartu du elektro-mugikortasunaren abangoardia teknologikoan”.












