Gaztagintzaren prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Ondarren
Eneko Goiburu artzainak gidatu du saioa. Ukuiluan hasi dute jarduera bisitariek eta bukaeran gazta probatzeko aukera izan dute.
Eneko Goiburu artzainak gidatu du saioa. ‘Gaztagintza eta arkumeen sekretuak’ jarduera egin dute Segurako Ondarre baserrian, Zegamako Anduetza parketxeak antolatuta. Urtarrilaren 25ean egin zuten lehenengo saioa, eta izan zuen arrakasta dela eta, bigarren saioa antolatu dute gaurko, lekurik gabe gelditu zirenentzako.
Ondarre baserrian Goiburu familiak 200 urte baino gehiago daramatza gazta egiten, eta Eneko Goiburuk, familiako artzain gazteak, gaztagintzari lotutako sekretu ugari erakutsi dizkie bertaratu direnei.
Ukuiluan hasi dute jarduera bisitariek, eta arkume jaio berriak gertutik ikusteko aukera izan dute, baita Latxa ardiari bazka ematekoa ere. Gero, Ondarre baserrian, Goiburuk gazta egitearen prozesua azaldu die bisitariei, eta segidan, artzainek erabiltzen dituzten tresnen bilakaera erakutsi die. Bukatzeko, gazta ketua, ketu gabea eta gazta-zarra dastatzeko aukera izan da, sagardo eta uraz lagunduta; beraien ezaugarrien inguruko azalpenekin batera.













