Koplen doinuek lagunduta, solairu berria estreinatu dute Itsason
Herritarrak espazio berrian bildu dira aurkezpenean eta ondorengo ekitaldian parte hartzeko. Ekitaldiaren ostean, mokadutxo batekin borobildu dute goiza.
Alegi auzoko elkarteko bigarren solairuaren inaugurazio ekitaldia eta kopla emanaldia egin dituzte Itsason. Herritarrak espazio berrian bildu dira solairua estreinatzeko eta ondorengo ekitaldian parte hartzeko.
Jakinarazi dutenez, lokala erabilera anitzeko gunea izango da, herriko gazte zein helduentzat zabalik egongo dena. Bertan askotariko jarduerak egin ahal izango dira: bilerak eta ahozko topaketak, irakurri eta ikasteko txoko lasaia, formazio tailerrak, baita haur eta gazteentzako aisialdi gunea ere. Horretarako, hainbat baliabide jarri dituzte eskuragarri: ordenagailu eramangarria, Smart TV telebista, musika bozgorailua, Wifi konexioa, bi besaulki, bi bilera-mahai, idazmahai bat eta hamabi aulki.
Aurkezpenaren ostean, kopla saioa egin dute. Santa Ageda egunaren bueltan, herritarrek duela hamar urtetik kopla berriak sortzeko ohitura dute, eta aurten ere ez diote tradizioari huts egin. Koplek aurreko urteko gertakariak izaten dituzte hizpide, betiere umore ukitu batez lagunduta.
Jai giroa, gainera, ez da kantaldiarekin amaitu, eta ekitaldiaren ostean, mokadutxo batekin borobildu dute goiza herritarrek.













