Bisaurin eta Olibon mendietara joango da Arrastaka
Otsailaren 21ean eta 22an izango da. Lizarako aterpetxea hartuko dute abiapuntu.
Arrastaka Mendi Taldeak Mendebaldeko Pirinioetan bi igoera antolatu ditu otsailaren 21 eta 22rako. Bisaurin (2.670m) eta Olibon (2.482m) mendiak igoko dituzte. Lizarako (Huesca, Espainia) aterpetxea hartuko dute abiapuntu. Irteeraren helburua Arrastakak egin berri duen goi-mendiko hastapen ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzea da.
Bisaurin Mendebaldeko Pirinioetako gailurrik garaiena da. Taldeak azaldu du igotzeko proposatzen duen ibilbidea ez dela ohiko igoera klasikoa: “Asmoa iparraldetik (Mistresa lautadatik) igo eta hegoaldeko aurpegitik jaitsiz (Foratongo lepora) ibilbide zirkularra burutzekoa da. Gailurretik ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu”. Olibon berriz, Bernera mendizerrako tontor nagusiena da. “Igoera hau ohiko ibilbidetatik apartekoa delako eta ‘bigarren mailako’ mendien edertasunaz gozatzeko asmoz aukeratu dugu”.
Irteeran parte hartzeko derrigorrezkoa da 1. mailako goi-mendiko hastapeneko ikastaroa eginda izatea eta mendiko federatu txartela izatea. Interesa dutenek otsailaren 17an, asteartea, 19:00etan Arrastakaren egoitzan egingo den bilerara joan beharko dute irteerari buruzko xehetasunak zehaztu eta zalantzak argitzeko.













