Enirio-Aralar mankomunitateak 2025ean egindako lanen berri eman du
Urte "emankorra" izan dela nabarmendu du, eta esker ona adierazi die auzolan deialdietan parte hartu duten herritar, ganaduzale eta elkarte guztiei.
Doniturrietako Azpikoa saroia Enirio-Aralarren, iazko iraileko argazki batean. Iñaki Gurrutxaga Enirio-Aralar mankomunitateko zuzendaritzak 2025. urtean mendian egindako lanen balorazio txostena kaleratu du. Urte “emankorra” izan dela adierazi du, eta egindako lanak “askotarikoak” izan direla: aska konponketak, bide konponketak, leize garbiketak, itxitura berriak, landaketen mantendu lanak… Era berean, egin diren auzolan deialdietan parte hartu duten herritar, ganaduzale eta elkarte guztiei esker ona adierazi die.
URTEROKO MANTENU LANAK
Mankomunitateak bere kabuz sustatutako lanen artean, urtero egiten diren mendiko mantenu lanak daude. Hoditeriak, deposituak, harrapalekuak, txabolak, askak, ur hartuneak, iturri mantenu lanak… “Lan txikiak dira, baino garrantzi handikoak”.

Ganaduak ura edateko aska Liztorren.Hitza
BIDE EGOKITZAPENAK
Ariñate-Arritzagan dagoen bidearen egokitzapena eta zubien zaharberritzea egin zuten udan, Amezketako Buruntzunzin Mendi Elkarteko bazkideen eta inguruan abereak eta ardiak larratzen dituzten artzain eta ganaduzaleekin elkarlanean. “Materiala Mankomunitateak jarri du, hondeamakina Amezketako Udalak eta eskulan guztia auzolanean. Ondorioz 632 metro bide txukundu dira eta Arritzagan dauden bi zubi berritu dira”.
2026ko lanetan ere “lankidetza eta auzolana sustatzen” jarraitu nahi du mankomunitateak mendiaren erabiltzaile ezberdinekin eta bide horren hobekuntzarekin jarraitzea espero du.
Bideen mantenu lanekin jarraituta, Amezketa eta Enirio-Aralar komunikatzen duen bideko bi bihurgunetan hormigoitze lanak egin dituzte. “Materiala, kasu honetan, Amezketako Udalak jarri du eta eskulana auzolanean egin da Amezketako herrikide eta Enirio-Aralarko ganaduzale eta mendizaleekin”.

Ariñate-Arritzagan oinezkoentzako zubia konpontzen.Hitza
SARNAREN AURKAKO PLANA
2024an martxan jarri zen Sarnaren aurkako plan sanitarioari jarraipena emanez, 2025ean ere Enirio-Aralarren larratu duten artzain guztiek bi tratamendu egin zizkieten ardi bakoitzari irailean. “Nabarmentzekoa da sarnaren aurkako kanpaina honetan ematen diren pausoak artzainekin koordinatuta eta eman beharreko tratamenduak adostuz ari garela eta honek emaitza oso onak ekarri ditu. 2 urtetan, egoera oso txarra izatetik sarna guztia ia ezabatzera pasatu gara”. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera kostuaren bi heren diruz laguntzea erabaki zen: heren bana Enirio Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainontzeko herena artzainek. Guztira 15.618 ardi tratatu dituzte 42 artzainek.

Ardiei sarnaren aurkako botikak ematen.Hitza
TXABOLEN INSTALAZIO ELEKTRIKOEN DIAGNOSTIKOA
Txabolen instalazio elektrikoen inguruan diagnostiko bat ere egin du mankomunitateak. 37 txabolen diagnostikoa egin dute: horietako 35 artzaintzara bideratuta txaboletan egin dira, eta bi mendizale eta espeleologia elkarteetan. “Zaharrenak 90eko hamarkadan egindako instalakuntzak dira eta gehiengoa 2000-2007 urteetan egindakoak. Egungo egoera ezagutu eta gaur egungo beharrak ase ahal izateko eman beharreko pausoak zehaztea du helburu diagnostiko honek. Modu honetan, txaboletako erabiltzaileen egoera hobetu nahi da eta mendiko gazta egiten duten artzainen baliabideak hobetu”, nabarmendu du mankomunitatearen txostenak.

Txaboletako instalazio elektrikoen inbentarioa egin dute.Hitza
NATUR ONDAREAREKIN LOTUTAKO LANAK
Azkeneko urteetan egin duen modura, Enirio Aralar Mankomunitatea Eusko Jaurlaritzako 2025-2026 Natur Ondareko diru-laguntza deialdira ondorengo egitasmoak aurkeztu ditu:
- 1. Salingain-Zotaleta ingurua itxi eta landaketa baten bitartez higadura eta abereen erortzeak saihesteko lanak egitea. 2025ean hesolak gerturatu dituzte eta 2026an itxitura eta landaketa egingo dituzte –Bi hektarea gutxi gorabehera–.
- 2. Igaratza eta Oiduiko larreen azterketarako erabiltzen ziren azpiegiturak aprobetxatuz baso landaketak egingo dituzte –0,5 hektarea–.
- 3. Mankomunitatearen esanetan, kobazuloek eta leizeek “garrantzi handia” dute geologia, hidrologia, biologia, arkeologia kultura eta ingurumenari dagokionez: “Habitat bereziak eskaintzen dituzte, uraren zirkulazioa erregulatzen laguntzen dute, giza historiaren aztarnak gordetzen dituzte eta eremu naturalen osagai garrantzitsuak dira”. Hori kontuan izanik, azkeneko urteetan kobazuloen garbiketa egin dute auzolanean Felix Ugarte Elkartearekin eta hainbat herritarrekin. 2025ean Oiduiko leizearen garbiketaren faseetako bat burutu dute, kanpoko zikinkeria garbituz. 2026ean barruko lanekin jarraitzea aurreikusten da. Ateratako zaborraren zenbatekoa hauxe izan da: 400 kilogramo kristalezko botila, 100 kilogramo metal, 20 kilogramo plastiko, 25 kilogramo pila, 200 kilogramo errefusa eta 50 kilogramo amianto –amiantoaren kudeaketan aditua den enpresa batekin egin ziren lanak–.
- 4. Aska inguruetan higadura arazo handiak sortzen dira uraren, haizearen eta ganaduaren joan-etorrien ondorioz. Bost askaren inguruak egokitzeko lanak aurreikusi ditu mankomunitateak ingurumen diru-laguntza horietan eta lanen aldeko ebazpena jaso berri du: “Beraz, eguraldiak uzten duenean lan hauek aurrera eramatea aurreikusten da”.

Oiduiko leizea garbitzen auzolanean.
AUZOLANEAN EGINDAKO LANEN ZERRENDA
Ondoko taulan ikus daitezke 2025. urtean auzolanean egindako lanak:
| ZENBAKIA | AUZOLANA | PERTSONAK |
| 1 |
Malloetako itxitura (1.400 metro) |
3+ kontratista |
| 2 | Malloetan materiala banatu (Beoin-Aldaon) |
11 |
| 3 | Elordiko harrapalekua (itxitura gogortu) |
4 |
| 4 | Elordiko harrapalekua (oinarria konpondu) |
3+makinaria alokairua |
| 5 | Igaratzako harrapalekua konpondu |
2 |
| 6 | Saltarriko harrapalekuko ateak konpondu |
2 |
| 7 | Asketan putreen bainuak saihesteko barrera metalikoak |
2 |
| 8 | Basaizpuruko landaketaren itxitura konpondu (800 m) |
23 |
| 9 | Ariñate-Arritzaga (Bidea eta zubien zaharberritzea) |
10 |
| 10 | Oiduiko leizearen garbiketa |
12 |
| 11 | Ataskatuta geratutako kamioia ateratzea |
3 |
| 12 | Uzkuitiko itxitura kentzea |
3 |
| 13 | Buruntzunzingo askaren oinarria |
3 |
| 14 | Etitzegi txabolako lanak |
8 |
| 15 | Igaratzako askaren hodia finkatzea |
2 |
| 16 | Ehunmilak probaren materiala jasotzea |
7 |
| 17 | Amezketa/Enirio-Aralar bidean hormigoitze lanak | 12 |

GOILARRE PROGRAMAREN BARRUAN EGINDAKO LANAK
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Goilarre programaren barruan beste hainbat lan ere egin dituzte. Programa honen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 211.000 eurotako ekarpena egin behar du eta Enirio-aralar Mankomunitateak 84.500 eurotakoa.
“2025. urtean Mankomunitateak 84.500 euro jarri baditu ere, Aldundiak 86.000 euroko ekarpena egin du. Gurea bezalako erakunde txiki batentzat maila honetako kopurua jartzeak dakarren esfortzua azpimarratu nahiko genuke”. Bi kopuru horiei, 2024an Mankomunitateak jarritako 84.500 euroak gehitu eta hainbat lan egin dira. Kostu osoa 218.123,97 eurokoa izan da.
LAN MOTA ETA DIRU KOPURUA
Etitzegi txabola berritzea. 76.281,83 euro
Xehaketa astunak (13,18 ha xehaketa Goroskintxu-Esnaurreta, Intzentsao eta Oidui eremuetan). 9.793,82 euro
Txaboletako lanak. 105.885,58 euro
- Pagabe. Ekonomika berria eta teilatuko lanak
- Beltzulegi. Leiho berriak eta teilatuko lanak
- Buruntzunzin. Ekonomika berria
- Zotaleta III. Eguzki plakentzako bateria berriak
- Doniturrieta Azpikoa I. Eguzki plakentzako bateria berriak
- Doniturrieta Garakoa II. Ekonomika berria
- Beaskin. Ekonomika berria
- Urruzti. Eskorta egiteko materiala
- Elutseta goikoa. Eskorta berritzeko materiala
- Elutseta azpikoa. Eskorta berritzeko materiala
- Goroskintxu. Eskorta berritzeko materiala
- Koaurre. Eskorta berritzeko materiala eta ekonomika berria
- Enirio. Eskorta berritzeko materiala
Malloetako itxitura (Enirio Aralar eta Nafarroko muga zatitzen dituen itxitura. Artubitik hasi eta Elizkaitz mendi tontor bitarteko itxitura zaharberritu dute 1.500 metroko luzeran). 22.918,67 euro
Elordiko harrapalekuko lanak (Elordi harrapalekuko basea homogenizatzea eta higadura sortu- tako eremuen txukuntze lanak egin dira auzolanean). 3.244,07 euro
Enirio-Aralar Mankomunitateak espero du aurtengo ekitaldian eta hurrengoetan “aldundiaren ekarpen ekonomikoa sinatutako akordioetan ezarritakora iritsiko” dela, “horrek, elkarlanean, guztion onerako hobekuntza gehiago egiteko aukera ekarriko baitu. Aldundiak hartutako konpromisoak betetzen baditu, azken 2 urte hauetan hartutako bideari jarraipena eman ahal izango diogu”.













