Euskal WikiEmakumeok I. Topaketa Beasainen da, martxoaren 7an
Parte hartzeko izena eman behar da otsailaren 22a baino lehen. Beasainpedia proiektua aurkeztu du Euskal Wikilarien II. Topaketan Aittuk.
Izaskun Salazar Beasainpediaren ordezkaria, ezkerretik laugarrena, Euskal Wikilarion II. Topaketan Gasteizen, urtarrilean.EWKE Euskal WikiEmakumeok I. Topaketa Beasainen egingo dute martxoaren 7an. Arratia, Durango, Lekeitio, Oiartzun, Ondarroa, GasteizkoIrale eta Sestaoko WikiEmakumeok taldeei Aittu Euskara Elkartearen Beasainpediako taldea batu zaie, eta elkarrekin osatzen dute Euskal WikiEmakumeok sarea. Haien lanaren berri emateko eta elkarren arteko harremana sendotzeko helburuarekin egingo dute topaketa, Beasaingo Udalaren laguntzarekin.
11:00etatik 13:00etara izango da topaketa, Igartzako jauregian. 13:00etatik 14:00etara, berriz, Emakumearen presentzia Igartzan bisita gidatua izango da, eta bazkaria 14:30ean herriko ostatu edo elkarte batean. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du esteka honetan, otsailaren 22a baino lehen.
Urriaren 22an aurkeztu zuen Aittuk Beasainpedia proiektua. Hainbat ikastaro eskaini ondoren, ikastetxeek, elkarteek eta herritarrek proiektuari ekin zioten. Aittuk azaldu duenez, “2025. urte amaierarako 85 artikulu berri sortu ziren Wikipedian, 167 argazki igo ziren Wikimedia Commonsera eta kategoria berriak sortu” ziren. “Beasain Wikipediako ataria, Beasainpedia wikiproiektua eta WikiEmakumeok/WikiBeasain ere sortu ziren. Beasain artikuluaren 4 azpimaila kontuan hartuta, 320 artikulurekin amaitu genuen urtea kategorizatu gabe zeuden hainbat artikulu Beasain kategoriara lotzen”.
Urtarrilaren 24an, berriz, Gasteizen egindako Euskal Wikilarien II. Topaketan aurkeztu zuten Beasainpedia proiektua.
Udazkenean eskainitako edizio ikastaro eta topaguneekin jarraituz, taldean editatzeko saio irekiak eskainiko dituzte otsaila eta uztaila bitartean, asteazken eta ostegunetan 18:00etatik 20:00etara, Aranealden. Horrez gain, udalaren Jabetze Eskolaren barruan, leku berean WikiEmakumeok saioak eskainiko dituzte otsaila eta apirila artean, astelehen (17:00-18:30) eta asteazkenetan (10:00-11:30).
Beasainpediaren helburua euskarazko Wikipedian Beasaini buruzko kalitatezko informazioa aberastea da. Taldekako saio horietan, Euskal Wikilari komunitatean murgiltzen, erreferentziak bilatzen, artikuluak itzultzen, artikuluak orrazten edota loturak, irudiak zein taulak txertatzen ikasiko dute parte hartzaileek. Edonork parte hartu dezake.
Txikipedia ikastetxeetan
Ikastetxeetara ere eraman du Aittuk proiektua. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean Txikipedia:Beasainpedia wikiproiektua sortu da. “Gizakari proiektuko Onintze Garridoren laguntzaz sortzear dauden artikuluen sailkapenari ikuspegi antropologikoa eman zaio”, azaldu dute proiektuaren arduradunek. Txikipedian, ikastetxe bakoitzak bere ikasleentzako erronkak finkatuko ditu eta laguntza jasoko du Euskal Wikilarien Elkartetik eta Beasainpediatik.













