Lazkaoko Ikastolako 57 ikaslek parte hartu dute 'Desioen Basoa' tailerrean
Basotik Fundazioak antolatutako ekimenak herritarrak basoen zaintzan inplikatzea du helburu, eta Gipuzkoako hainbat eskualdetan garatuko da.
Lazkaoko Ikastolako 57 neska-mutilek hartu dute ekimenean. Basotik Fundazioa Lazkaoko Ikastolako 57 ikaslek (10–11 urte) parte hartu dute Desioen Basoa tailerrean. Basotik Fundazioaren ekimen honek basoen balioari buruzko kontzientzia indartu eta haien kontserbazioaren garrantzia nabarmendu nahi du, kudeaketa jasangarriaren bidez.
Ordubeteko saioak ikus-entzunezko materiala, talde-lana eta fitxa didaktikoak uztartu ditu. Tailerra lau bloketan antolatuta dago: basoaren testuingurua eta funtzioak; espezieen ezagutza eta identifikazioa; baso-kudeaketari buruzko gogoeta, eta honek biodibertsitatean, lurzoruan eta uretan duen eragina. Saioarekin amaitzeko, zuhaitz txiki baten landaketa sinbolikoa egin dute, basoarekiko lotura sendotzeko.
Ekintza hori Basotik Fundazioak otsail eta martxo artean Gipuzkoako hainbat ikastetxeetan garatzen ari den tailer-programaren parte da. “Helburua da gazteenengana basoa gerturatzea, eta fokua sakoneko erronka batean jartzea: geroz eta larriagoa den basoen abandonuak ekar ditzaken sute eta ingurumen arriskuak”, adierazi du fundazioak ohar bidez.
Sentsibilizazio helburua
Basotik Fundazioa “basoen abandonuaren erronkari aurre egiteko” sortu zen. “Klima-aldaketaren mehatxuaren aurrean, fundazioak irtenbide integrala eskaintzen du lurralde-oreka berdea babesteko, CO2 xurgapena handitzeko, uraren eta lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta habitatak babesteko. Halaber, baso-bioekonomiaren garapena sustatzen du, zuraren erabilera iraunkorra bultzatuz”.
Fundazioaren nahia herritarrak eta sektore ekonomikoak basoen kudeaketa jasangarrian inplikatzea da. Horretarako diseinatutako sozializazio-ekintzetako bat izan da Lazkao Ikastolan egindakoa.

‘Desioen basoa’ ekimenean parte hartu duen bigarren taldea.Basotik Fundazioa













