Lurraldea eta tradizioa hizpide, Igartubeitin
Lehen sektorea, artisauak eta kultur ordezkariak bilduko ditu ‘Lurraldea, tradizioa eta transmisioa’ topaketak. Otsailaren 19an izango da, goizez. Izen ematea doakoa da eta irekita dago.
Topaketa otsailaren 19an izango da, Ezkioko Igartubeitin. Igartubeiti Datorren otsailaren 19an, Lurraldea, tradizioa eta transmisioa topaketa egingo dute Igartubeiti baserri museoan. Lehen sektoreko profesionalek, artisauek eta kultura bitartekariek hartuko dute parte, besteak beste. Kultura, artisautza, nekazaritza eta artzaintzaren inguruan jardungo dute; jasangarritasuna eta jakintzaren transmisioa helburu.
Topaketa Patrim 4.0 proiektuaren baitan antolatu dute, kulturak, bitartekaritzak eta praktika tradizionalak berreskuratzeak egungo erronkei aurre egiteko tresnak nola eskain ditzakeen aztertu eta horren inguruan solasean aritzeko. Patrim 4.0 Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko zubiak eraikitzeko proiektua da eta Europar Batasunak kofinantzatzen du. Kultur proiektuen bidez, mugen arteko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea ditu helburu.
Topaketaren antolatzaileen hitzetan, landa munduak bidegurutze bat bizi du gaur egun: «Nekazariek, artzainek eta landa komunitateek erronka handiei egin behar diete aurre —klima aldaketa, despopulazioa, belaunaldi erreleborik eza, elikadura subiranotasunaren galera…—eta mendeetan zehar lurraren zaintza eta ekosistemen jasangarritasuna bermatu zuten antzinako jakintza eta egiteko modu asko desagertzeko arriskuan daude», azpimarratu dute.
Horregatik, «lehen sektoreko profesionalen, artisauen, kultura bitartekarien eta herritar interesatuen arteko hausnarketarako gune» bezala definitu dute topaketa. Eta baserria, oroimenaren eta landa ondarearen «sinbolo bizia» izanik, «leku ezin hobea da kulturak, bitartekaritzak eta praktika tradizionalen berreskurapenak egungo erronkei aurre egiteko tresnak nola eskaini eztabaidatzeko», gehitu dute.
Etorkizuneko bideak
Goizean zehar solasaldiak eta eztabaida mahai bat egongo dira, «begiradak gurutzatzeko». Lurra eta abereak lantzen dituztenen esperientzia eta errealitate horiei ahotsa eman eta oroimena bizirik mantentzea bilatzen duten proposamen kultural eta artistikoak partekatuko dituzte. «Etorkizuneko bideak elkarrekin entzuteko, partekatzeko eta ereiteko» gonbita izango da, iraganeko sustraietatik abiatuta.
Goizane Alvarez, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamenduko foru diputatuak; Andrea Lopez, Kultura Ministerioko Autonomia Erkidegoko Kultura Lankidetzarako zerbitzuburuak; Biziolak eta artisau eta lehen sektoreko hainbat ordezkarik hartuko dute parte.
Gaian interesa duen edonork har dezake parte topaketan. Izen ematea doakoa da on line egin daiteke Igartubeituren web gunean. Informazio gehiagorako igartubeiti@gipuzkoa.eus-era idatzi edo 943 72 29 78ra deitu daiteke.
Ikusi topaketaren egitaraua hemen.













