«Plataformek edozein trikimailu psikologiko erabiltzen dute gu pantailara itsasteko»
Azaldu du sare sozialek eta teknologiek modu askotan eragiten dutela gazteengan, besteak beste plataformak adikzioa eragiteko diseinatuta daudelako, mundua haien bidez ezagutzen dutelako nerabeek, eta gurasoen autoritate figura lausotu egin delako.
Zabal aztertua du Maitane Ormazabal psikologoak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1979) nolako kaltea eragiten dieten sare sozialek gazteei; Telmo Lazkanorekin batera, Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian liburua ondu zuen 2023an. Halere, ohartarazi du helduen artean ere «sarraski ikaragarria» eragiten ari direla plataformak. «Itauna gizarte moduan planteatuko nuke: norantz joan nahi dugu?».
Nola eragiten dute sare sozialek nerabeen eta gazteen buru osasunean?
Sare sozialen inguruko begirada aldatu behar dugu: iruditzen zaigu guk produktu bat erabiltzen dugula, baina egiaz sare sozialek gu erabiltzen gaituzte, gu gara haien produktua; eta gehienbat, nerabeak. Izan ere, nerabezaroa garai berezia da: identitatea sortzen da, autoestimuak garrantzi handia du, gurasoengandik banatu eta mundua ezagutzera salto egiten dugu… Orain, mundua sare sozialen bidez ezagutzen dute, eta hor faktore askok eragiten dute psikologikoki. Sare sozialak nerabeen eta helduon jokabideak, pentsatzeko moduak eta emozioak aldatzen ari dira. Hortaz, pentsa zer izan daitekeen nerabezaroa, eremu txiki batean konbultsoa bada, eremu hori sare sozialen bidez milioika pertsonatara zabalduta; dena konplexuagoa da.
Zein dira aipatu dituzun aldaketa horiek?
Gero eta gehiago ditugu nerabeak nerabezarorik gabe, eta haurrak haurtzarorik gabe. Enpresa hauen guztien jarduna arretaren ekonomian oinarritzen da: gure datuak, gure denbora eta gure atentzioa dira haien diru iturriak. Eta arretaz ari garenean, elkar entzuteaz ari gara, gizakitik gizakira begiratzeaz… Hori guztia ikaragarri aldatzen ari da, gure arreta osoa jarrita daukagulako sareen gehiegizko informazioan. Nerabeak ez dira ari euren bizi esperientziak bizitzen: lagunekin egoteko tarteak, porrotak, irakaspenak, egunsenti bat, kirola… Eta horiek gabe, erronka errealei aurre egiteko erremintarik gabe iristen dira helduarora.
Besteekin alderatzeko joera zer neurritan da kezkagarria?
Sare sozialetan bada hiperperfekzionismoa: bizitza idealak erakusten dizkigute, eta mentalki badakigu gezurra dela, baina emozionalki eragin egiten digu. Nerabezaroan, konparazioa da gure autoestimua apaltzen duten faktore garrantzitsuenetako bat; beraz, pentsa egun zer neurri hartzen duen sare sozialekin, bai fisikoki, bai sozialki, denbora guztian agertzen bazaizkigu argazkiak eta bideoak; ezinezkoa da horrek ez eragitea.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













