Segurako Euskal Herriko Dantza Txapelketak aurten, 50 urte
Urteurrenaren harira, urte guzti hauetako argazki eta bideoak bildu nahi ditu udalak. Herritarrei dei egin die, etxean izan dezaketen materiala udaletxera eramateko.
Gorka Granado eta Maren Galvez, iazko txapeldunak. Tere Madinabeitia Aurten 50 urte beteko ditu Seguran antolatzen duten Euskal Herriko Dantza Txapelketak. Urteurren borobil honen harira, aurten, ekintza ezberdinak antolatu nahi dituztela aurreratu du Segurako Udalak. Tartean, txapelketaren inguruko argazki eta bideo bilduma bat osatu nahi dute udal artxiboa osatzeko. Horretarako herritarrei etxean eduki dezaketen materiala udaletxera eramateko eskaera luzatu diete.
Martxoaren 13ra bitartean, liburutegian edo udaletxeko kultura sailean jasoko dute materiala.
- Udaletxean: astearte eta ostiraletan, 8:00etatik 14:30era.
- Liburutegian: astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara.
Hala nahi izanez gero, kultura@segura.eus helbidean ere jasoko dituzte argazkiak eta bideoak.
Egile eskubideak
Udaletik jakitera eman dutenez, jasota argazki eta bideoak jabearenak izaten jarraituko dute. Materiala herriko ondare publikoa osatzeko, kultura sustatzeko eta herriko irudi artxiboa elikatzeko helburuarekin erabiliko da eta jabeek erabilera hori baimendu beharko dute aldez aurretik.
Parte hartzen duten guztien artean, dantza txapelketarako bi sarrera zozketatuko dira.













