Urdaneta Eskolako patioa eraberritzeko parte-hartze prozesua amaitzear da
Ikasleen ideiak oinarri dituen erakusketa ikusgai jarri dute ikastetxean, eta ekarpenak jasotzeko zein ondorioak ateratzeko baliatuko dute.
Ordiziako Urdaneta ikastetxeak eraberritze prozesuarekin aurrera jarraitzen du. Iaz Lehen Hezkuntzako eraikinaren estalkia eraberritu, isolatu eta itxitura berria jarri ziren, joan den udako oporraldia ere eraikinaren fatxada eta arotzeriak berritzeko aprobetxatu zuten, eta datorren urtera begira, eraikin guztiak lotuko dituen estalki bat jartzea da asmoa.
Hori gutxi ez, eta iaz ikastetxeko patioak «eraberritze beharra» zuela ondorioztatu zutenez, parte hartze prozesu bat abiarazi zuen Ordiziako Udalak bertako ikasle, familia eta hezitzaileekin, eta bere amaierara iristear da. Hezitzaile eta gurasoekin bilerak egin, eta patioaren erabileraren behaketak egin ondoren, ikasle gela bakoitzak patioaren eraldaketaren inguruko hausnarketa egin duela jakinarazi du Adur Ezenarro alkateak.
Hain justu, maketen bidez irudikatu dute euren ustez idealena litzatekeen patioa; hausnarketa horien emaitza panel batean jaso, eta horiek guztiak erakusketa batean bildu dituzte. Bada, Urdaneta eskolaren aste kulturalaren baitan, eskolako gimnasioan ikusgai daude orain ikasleek egindako maketak.
Erakusketa, bere horretan, ekarpenak jasotzeko baliatuko dela ziurtatu du Ezenarrok, eta bertatik aterako diren ondorioak kontuan hartuta, Urdaneta eskolako patioa eraberritzeko proiektua diseinatuko dela jakinarazi du, «komunitatearen beharrak eta ikuspegia kontuan hartuta».














