‘52 Hercios’ antzezlana taularatuko dute bihar Ordizian
Antzerki Garaia programaren barruan antolatutako ekimena da. Aukeratu gabeko bakardadeaz hitz egiten du. Sarrerak hamabi euroan eskura daitezke.
'52 Hercios' antzezlaneko momentuetako bat. Ados Teatroa Ordizia eta Beasaingo Udalek elkarlanean antolatutako Antzerki Garaia programaren barruan, bigarren saio bat ikusgai izango da bihar, ostirala, 20:30ean, Ordiziako Herri Antzokian. Ados Teatroak ondutako lana aurkeztuko da, gaztelaniaz: ‘52 Hercios’ antzezlana. Nahi gabeko edo aukeratu gabeko bakardadeaz hitz egiten du; gaur egun herrialde industrializatuetan bost lagunetik bati eragiten dion errealitatea da. Hain justu, «adin eta testuinguru guztietan» agertzen da eta gizarteari osasun zein bizi-kalitate aldetik «kostu handia» eragiten dio horrek.
Ikuskizunaren testua benetako bakardade-testigantzetan oinarritzen da, baina ez da lekukotza-lan hutsa: doinu poetikoa du, eta gaiaren gordintasuna gora behera, itxaropenerako lehioa irekitzen du. Testuak eta eszenaratzeak ere tonu ez errealista dute, irudi poetikoz eta koreografiaz lagunduta.
Bertaratu nahi duenak, aurrez sarrerak hartu beharko ditu Herri Antzokiko leihatilan edota ohiko salmenta-kanalen bidez, hamabi euro ordainduta. Antzerki Garaia programak guztira zortzi obra eskainiko ditu aurten, antzerkiari eta bereziki euskarazko sorkuntzari «bultzada» emateko helburuarekin.













