Aranguren Txiki: Ormaiztegiko bilakaeraren testigu isila
Ormaiztegiko Beheko auzoan kokatuta, 271 urteko historiari agur esan dio Aranguren Txiki baserriak. 2024an gertatu zen luizi baten ondorioz, bota egin dute, auzoan geratzen zen azkenetako baserria.
Aranguren Txiki baserria, Ormaiztegiko Beheko auzoan, 1975ean. Angel Elorza Ormaiztegiko historiaren eta bilakaeraren testigu isila izan da mendeetan Aranguren Txiki baserria. 1755ean eraikia, —271 urte bete zituen iaz— XIX. mendearen erdialdetik, Elorza sendiaren bizitokia izan da bost belaunaldiz. Beheko auzoa izenez ezagutzen den eremuan kokatua, —AP-636 autobideak GI-2632 errepidearekin bat egiten duen gunetik gertu—, geratzen zen azkenetariko baserrietako bat zen Aranguren Txiki. Urtarrilaren amaieran hasi zituzten baserria botatzeko lanak eta haren desagerpenak herriko ondarearen eta memoriaren zati baten galera ere suposatu du.
Angel Elorza Aranguren Txiki baserrian jaio zen eta bere desagerpena «kolpe handia» izan da, beretzat ez ezik, baita familia osoarentzat ere. Elorzatarrak 1800 urtea pasatxoan iritsi ziren Aranguren Txikira, Seguratik joanda. «Nik aitona eta izeba-amona ezagutu nituen baserrian. Gure amona gazterik hil zen eta haren ahizpa bat etorri zen familiaz arduratzera», kontatu du. Angelen aita baserrian jaio zen eta ama Oñatikoa zuen.
Baserri auzoa
Elorzatarrak beti bizi izan ziren baserritik, Angelen aita izan zen fabrikako lana eta baserrikoa uztartu zituen lehena: «Baserritik gertu zegoen Zelaikoa teila fabrikan hasi zen lanean. Geroago, Irizarrera joan zen eta han jubilatu zen», kontatu du. Anaia zaharrena ez zen arren, Angelen aita geratu zen Aranguren Txikin eta bertan jaio ziren, gero, bost anai-arrebak, Angel tartean.
29 urte zituela joan zen «kalera» bizitzera Angel, baina inoiz ez du baserriarekiko harremana eten. Baserri auzoa zen garai hartan Beheko auzoa: «Sanjoanetan festa handia egiten genuen. Orain autobidea dagoen lekuan, erdi-erdian egiten genuen sua. Auzoko umeen jolaslekua ere bazen hura». Kanpotik etorkizun hobeago baten esperantzan zetozen horientzako habia ere izan zen auzoa, «teila fabrikara eta Iberdrolako zentralera» lan egitera etorritako familiena.
Lehenengo, autobidea
90eko hamarkadak ere, arrastoa utzi zuen baserriaren historian eta auzoa eraldatzen hasi zen. 1994-95 urteen artean hasi zituzten AP-636 autobidea egiteko lanak eta 1997an amaitu zituzten. Aranguren Erdikoa eta Aranguren Goikoa baserriak bota zituzten errepideari lekua egiteko eta Aranguren Erdikoa «bakartuta eta zintzilik» geratu zen, ezponda handi baten gainean. «Arrebak asko borrokatu zuen ezponda hori segurua izateko bermeak eskatzen. Beheko auzoarekin komunikazioa errazteko tunel bat egitea ere bere ahaleginaren emaitza izan zen», dio.
Geroago, 2009an, baserritik gertu luizi bat gertatu zen eta «harri-lubeta handi bat» egin behar izan zuten eremua egonkortzeko. «Gure baserriari ez zion eragin, baina hura izan zen lehendabiziko abisua», dio Elorzak. Izan ere, 2024ko urtarrilaren 6tik 7rako goizaldean luizi handiago bat gertatu zen, oraingo honetan baserritik 10 metro eskasera, «gogoan dut euri asko egin zuela aurreko egunetan. Ikaragarrizko lur jauzia etorri zen goitik behera». Urtarrilaren 7an Ormaiztegiko ziklo krosa ospatzen zen herrian, Elorza koordinatzaile lanetan zebilen orduan eta proba amaitu arte ez zioten berririk eman: «Ezbeharra gertatu zen momentuan koinatua eta iloba zeuden bertan. Ez zitzaien ezer gertatu. Eskerrak».
Hortik aurrerakoa jakina da. Lurraren desegonkortasun handia dela eta, Bidegiko teknikariek baserria botatzeko erabakia hartu zuten, segurtasuna bermatze aldera. Urtarrilaren erdialdean entregatu zituzten baserriko giltzak Elorzatarrek eta urtarrilaren 28an hasi zituzten eraisteko lanak. Familiarentzat «gogorra» izaten ari dela aitortu du Elorzak, eta nahiz eta jakin beste biderik ez zegoela, «inpotentziaz» bizi dute egoera.
Etapa baten amaiera
Baserriaren eraiste lanak amaituta, baserriaren azpian eta errepidearen alboan dagoen ezponda egonkortzeko lanekin jarraituko dute, luizi berriak gertatzea saihesteko. Esku hartze garrantzitsua da eta egonkortze lan hauek 488.947,93 euroko aurrekontua dute, BEZ gabe. Lanak lau hilabetetan amaitzea aurreikusi dute.
Etapa bat itxi da Elorzatarrentzat eta beste bati hasiera eman beharko diote etorkizunean; baina momentuz, kaxatan gordeta dituzte familiako bost belaunaldiren historia osatzen duten baliozko gauzak. Baserria ez dago jada, baina Elorzatarrentzat «leku kuttuna» izaten jarraituko du beti Beheko auzoak.

1996an, AP-636 autobidea egiteko lanak. ANGEL ELORZA

Beheko auzoa 1993an —goiko argazkian— eta 2020an —behekoan—. ANGEL ELORZA

Aranguren Txiki baserria, bota aurretik. ANGEL ELORZA

Urtarrilaren 28an, baserria botatzen hasi ziren egunean. ANGEL ELORZA













