Beasaingo herri inauteria, Ostadarrekin
Larunbatean goizetik iluntzeraino bitarteko egitaraua prestatu dute.
Ostadar dantza taldearen herri inauteria, orain bi urte. Ariane Vierbücher Beasainen ere izango dira inauteri jaiekin lotutako ospakizunak asteburuan, batez ere larunbatean. Azken urteetan bezala, Ostadar dantza taldeko kideen estutik Beasaingo Inauteri herrikoiak ospatuko dira egun horretan zehar.
Goizean, herri erdiguneko kaleetan barrena urteroko dantza desfile herrikoia egingo dute dantzariek, hainbat musikarik lagunduta. Urteroko legez, Euskal Herriko txoko desberdinetan ikus daitezkeen inauteri dantzak eskainiko dituzte, eta dantzarien artean, dantza horiek erakusteko taldeak antolatutako entseguetara azaldutako herritarrak izango dira. Entsegu horietara joan ez direnei ere konpartsara batzeko deia egin die Ostadarrek.
Dantza taldeak Oriamendi kaleko 10. zenbakian duten lokaletik aterako da konpartsa 10:30ean, eta erdiguneko kaleetan zehar ibiliko dira partaideak 13:30a arte, bidean hainbat geldialdi eginez. Goizeko jardun honi Bideluze plazan emango diote amaiera. Eguraldi txarra eginez gero, dantzak Gernika Pasealekuko frontoian eta Loinazko San Martin plaza azpian egingo dituzte.
Inauteri festak jarraipena izango du arratsaldean, 19:00 Aitor eta Marki musikariek Loinazko San Martin plaza azpian girotuko duten erromeriarekin.













