Gaur aurkeztuko dute ‘Astearteko azokak mendea bete du’ liburuxka
Aurkezpenaz gain, argazki erakusketa jarriko dute bihartik (otsailak 13) otsailaren 23ra bitartean Usurbe antzokiko sarrera gunean.
Herritarrak otsailaren 3ko azoka berezian jarritako argazki erakusketa ikusten.L. Goiburu Juantxo Unanua Artolainek egindako Astearteko azokak mendea bete du liburuxka gaur aurkeztuko dute, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Azokaren iragana eta bilakaera jasotzen ditu, testigantza, bitxikeria eta argazki historikoekin. Unanuak berak egingo du aurkezpen-hitzaldia; ikerketa prozesuaz eta bildutako pasadizo, datu eta bitxikeriez ariko da.
Udalak azaldu duenez, azokaren mende bateko ibilbidea aztertu du lanean: ofizialdu aurreko garaitik hasi eta gaur egunera arteko bilakaerako ekonomiko, sozial eta kulturala jaso ditu. Antzinako eta egungo argazkiak ere txertatu ditu. Liburuxka 5 euroan eskuratu ahal izango da, euskaraz eta ele biz. Gaurko aurkezpenean salgai egongo da, eta ondoren Jon Aranbururen liburu dendan eta Mirentxu liburu dendan egongo da eskuragarri.
Aurkezpenarekin batera, beste ekitaldi batek itxiko du mendeurrena ospatzeko egitaraua: argazki erakusketa jarriko dute bihartik (otsailak 13) otsailaren 23ra bitartean Usurbe antzokiko sarrera gunean. Udalak azaldu du mendeurreneko azoka bereziaren egunean jarritako argazki erakusketaren harrera ona ikusita erabaki duela beste bat antolatzea.
Azokari aitortza
38 argazkik osatzen dute bilduma. “Zaharrenak XX. mendearen hasierakoak dira. Irudietan baserritarrak, baserri giroa, lan tresnak, azokako postuak eta herriko bizimodua ageri dira, lehenaren eta orainaren arteko zubia eraikiz. Ondare grafiko honek herriaren memoria kolektiboa aberasten du eta azokak komunitatean izan duen eragina modu bisual eta hurbilean erakusten du”. Mendeurreneko ospakizunak ixteko bi ekitaldi horiek helburu bera dute udalarentzat: “Belaunaldiz belaunaldi herriaren taupada izan den azokaren historia jaso, transmititu eta aitortzea”.













