Gaurtik igandera bitarteko inauteri festak Legazpin
Lintx eta katamaloek hasiko dituzte bihar.
Doinua musika eskolako fanfarrearen kalejirak jarriko du inauteri giroa gaur herrian, eta bihar hasiko dira festak 17:00etan, Lintxen eta katamaloen etorrerarekin. Igandean Sustraiak dantza taldeak emango die amaiera jaiei, Gipuzkoako inauteriei eskainitako konpartsarekin eta Lintx panpina erretzeko ekitaldiarekin.
Bitartean, bihar, ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek desfile egingo dute, eta denak batera plazan elkartuta emango diete ongietorria Lintx eta katamaloei, Trapalata txarangak lagunduta. Kalean eta tabernetan jarraituko du gero inauteri festak, goizaldera arte. Alaitasuna errondailak ere jarriko du bere alea, 1960-70 hamarkadei eskainita Laubiden 19:00etatik aurrera egingo duen kalejirarekin.
Larunbata Gaztetxearen inauteri eguna izango da. Aurten, marrazki bizidunak hartu dituzte mozorroetarako gai. Bazkaria, karro-poteoa eta kontzertuak izango dira gazteen inauterien ardatz.













