Indarkeria matxistaren aurreko erantzun publikorako protokoloa eguneratzeaz topaketa egin du aldundiak hainbat udalekin
Topaketan parte hartu duten hogeitik gora udal ordezkarietatik lau Goierrikoak izan dira.
Indarkeria matxistaren aurreko erantzun publikorako protokoloaren eguneraketan parte hartu duten udal ordezkari eta teknikariak, gaur, Donostian. GFA Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko udaletako ordezkariekin partekatu du gaur indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionalerako protokoloa eguneratzeko lana. Hamahiru alkatek parte hartu dute lan topaketa horretan –tartean Beasain, Legazpi, Ormaiztegi eta Zumarragako alkateak–, hogeitik gora udal arduradun eta teknikarirekin batera.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak eta Nerea Isasi Berdintasunerako Organoko zuzendariak ere parte hartu dute bileran, eta “bultzada berri bat eman nahi” izan diote Gipuzkoak 2018an lehen protokoloa onartuta hasi zuen erakundeen arteko konpromisoari. Berasaluzeren hitzetan, tresna hori “aitzindaria eta bakarra da gure inguruan”, eta, horri esker, lehen aldiz egituratu ahal izan zen erakunde mailako erantzun koordinatua, komuna eta ikusgarria eraso matxisten aurrean: “Berrikuspen horrekin, aldundiak eta udalerriek lan partekatu hori indartuko dute, eta egungo errealitate eta erronketara egokitu”.
Dokumentua eguneratzeko lankidetza-prozesu bat egin du aldundiak udal, emakume-elkarte eta talde feministekin, “elkarlaneko gobernantzaren ikuspegia indartuz.













