Lurra esnatzen, udaberria iristen
Inauteriak ospatuko dituzte ostiralean, Zaldibian. Hartz baten esnatzearekin irudikatuko dute udaberriaren etorrera. Herriko zenbait eragile elkartu dira lehen aldiz festa hori antolatzeko.
Inauterietako hartza Zaldibian, herriko elkarteetako ordezkariekin. Hitza Munduko leku ezberdinetan negutik udaberrira natura aldatzen hasten den garaian, eguzki zaharra agurtu eta berriari dei egiten zaio zenbait festa-errituren bidez. Santa Agedan adibidez makilaz lurra jotzen da, lurrari esnatzen laguntzeko. Udaberriari, uzta ereiteko denboraldiari itxaroten egoten dela gizakia adierazi du Zaldibiako Udalak. Itxarote denbora horrek sortzen dituen «emozioetan oinarrituta ospakizun asko» egiten dira. Inauteriak ospakizun horietako bat dira, eta herri askotan orain daude festa horietan murgilduta.
Zaldibian, bihar ospatuko dute herri inauteria lehen aldiz. Antolatzaileek «hartza» aukeratu dute inauterietako irudi gisa, eta Nahikari Eskisabel Gurasoen Elkarteko kidea aukera horretaz mintzatu da: «Negua badoala, udaberria datorrela eta lurra eta hartza esnatuko direla ospatuko dugu».
Hartza mantentzeko nahia
Inauteriak iristean urtero egiten dute eskolako haurren desfilea eta emanaldia, Zaldibian. Hala ere, aurreko urteetan haurren ekitalditik kanpo herriko eragileek antolatzen zuten egitaraua ez zen finkoa, aldiro aldatu egiten zuten.
Aurten ordea festaz gozatzeaz gain, hurrengo urteetarako egitaraua «egonkortzea» dutela helburu adierazi du antolatzaileak: «Hartzaren inguruko lanketa mantendu nahi dugu». Egitaraua antolatzeko Zaldibiako zenbait eragile eta herritar elkartu dira.
«Hartza esnatzen denean bere inguruan dantzan ibiliko gara Iztueta dantza taldekoek lagunduta»
Nahikari Eskisabel. Ausa-Gaztelu Guraso Elkarteko kidea
Oier Araolaza antropologoaren hitzaldia ere antolatu zutela adierazi du Gurasoen Elkarteko kideak aurreko azaroan. «Neguko ospakizunen inguruan jardun zen Araolaza, horien jatorriaz eta tradizioaz». Ordutik, herrian ospakizun horiei «zentzu bat» eman nahian dabiltza, horien «zergatia» herritarrek jakin dezaten. Gau beltzarekin hasi ziren. Orain, inauterien unea da.
Hartza esnatzen
Ildo horretatik, aurten bai, inauteri festa antolatu dute Zaldibian. Eguraldi iragarpen txarragatik, Resti pilotalekuan egingo dute, 16:30etik 18:00etara bitartean, eskolako haurren emanaldia amaitzeko egingo duten meriendaren ondoren. Goiztiri txarangarekin hasiko da festa eta jarraian, 16:30ean ipuin kontakizun bat eskainiko dute Herri Hezitzaileen taldeko eta antzerki taldeko kideek.
Kontakizunak gidatuta hartza aurkitu eta esnatuko dute, udaberriaren esnatzea irudikatzeko asmoz. «Hartza esnatzen denean bere inguruan dantzan ibiliko gara Iztueta dantza taldekoek lagunduta», azaldu du Eskisabelek.
Ondoren, Santxotena soinu-jolea ibiliko da plaza eta tabernetan «giroa alaitzen», 18:30etik aurrera. Gurasoen elkarteko kideak dio «eguraldiak» ez diela lagunduko eta ekitaldia «frontoi barnean» egin beharko dutela. Dena den, «ekitaldi polita» izatea aurreikusten dute. Antolatzaileek herritarrak mozorrotzera animatu nahi dituzte.













