‘Ordizia Ezagutu’ egitasmoa martxan da berriz, udalaren ekimenez
Otsailaren 25ean hasi eta apirilaren 29ra arte, asteazken eta ostiraletan egingo dira saioak, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da.
Ainhoa Jimenez eta Ainara Ormaetxea. Ordiziako Udala Berriz ere bueltan da Ordiziako Udalak martxan jarri ohi duen Ordizia Ezagutu egitasmoa, «herriko bizia, baliabideak eta elkarteak gertutik ezagutzeko» aukera izan dezaten. Ekimenaren helburua da herrira iritsi berriei, urte batzuk bertan daramatzatenei zein betidanik herrian bizi izan direnei, Ordizia «beste ikuspegi batetik» ezagutzeko aukera ematea.
Horretarako, saio ezberdinak antolatu dituzte otsailaren 25ean hasi eta apirilaren 29ra arte. Astean bi egunetan (asteazkenak eta ostiralak) egingo dira saioak, 10:00etatik 12:00etara bitartean, Barrenan, eta denera, 36 orduko iraupena izango du.
Alor ezberdinak uztartuta
Besteen artean, saio informatiboak, bisitak eta elkarteetako egonaldiak uztartuko dira:
Batetik, Ordiziako kultura, historia zein eguneroko funtzionamendua ezagutzeko eta udal ordenantzak, zaborren kudeaketa edo bestelako informazio praktikoa lantzeko saioak eskainiko dira. Baita zenbait bisita gidatu ere, herriko azpiegiturak eta udal baliabideak ezagutzeko balioko dutenak, hala nola hizkuntza eskola, osasun zentroa KZgunea edota D’Elikatuz gunea.
Bestetik, herrian hainbat arlotan dauden baliabide publikoak ezagutaraziko dira: enplegu zerbitzuak, gizarte zerbitzuak, osasun zentroa, ongizate zerbitzuak… Horrekin batera, atzerritartasun legea edota atzerriko tituluen homologazioa landuko dira, besteak beste.
Azkenik, herriko elkarteak eta hain dinamika ezagutzeko aukera eskainita, elkarteekin egonaldiak egingo dituzte, eta herriko agenda zein ekitaldien berri ere emango da: umeentzako jolasak, kultur ekintzak…
Egitasmoan parte hartzen duten guztiei, ziurtagiri bat emango zaie, saioen bukaeran, baina parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, 679 876 779 zenbakira deituta edota aniztasuna@ordizia.eus helbidera idatzita.













