Otegienea-Majoriko festak antolatzeko bilera irekia ostiralean da
18:00etan elkartuko dira Otegieneako plazan. Auzoko beste zenbait gai ere izango dituzte hizpide. Jai batzordeak bizilagunak deitu ditu antolakuntzan parte hartzera.
Ordizia Koloreko kideek jaurti zuten iaz jaien hasierako txupinazoa. Hitza Otegieneako, Majoriko eta Txindokiko festak antolatzeari ekin diote auzotarrek. San Joanetan izaten dira auzoko festak. Jai batzordeak bizilagunei dei egin die aurtengo jaietako antolakuntzan parte hartzera, «jendea eta ideiak» behar baitituzte urtez urteko ekimenak «hobetzen» jarraitzeko. Horretarako, ostiralean, 18:00etan, bilera irekia egingo dute Otegieneako plazan.
Jaietako ekitaldiak ez ezik, auzoko beste zenbait gai ere izango dituzte hizpide. Auzo elkartea sortzearen inguruan jardungo dira, hobekuntzak eskatu eta aldaketak bultzatzeko «tresna eraginkorra» dela uste baitute. Ziur dira «elkarrekin askoz gehiago» lor daitekeela, eta horregatik parte hartzera eta proposamenak partekatzera deitu dituzte auzotarrak, «auzoa eraikitzen» segitzeko.
Era berean, aurreko urte guztietan laguntza eman duten bizilagunei eta parte hartzaileei eskerrak eman dizkiete, haiek gabe «ezinezkoa» litzatekeelako.













