Seguran hartzak eta zirkuak jarriko dute bihar inauteri giroa
Aizkorritik jaisten da urtero hartza, eta ohi bezala desfilea egingo du Errementaritik abiatuta, inguruan uxatzaileak dituela.
Errementaritik behera jaitsiko da hartza Seguran.Kerman Garralda Biharko 18:30ean iritsiko da hartza Segurako Errementarira, herriko inauteriekin bat egitera. Aizkorritik jaisten da urtero, ostiral mehe egunean, eta urtero bezala, aurten ere desfilea egingo du Kale Nagusian zehar, bere inguruan uxatzaileak dituela. Aurrean harrapatzen duten edonori maskuri edo puxikarekin jotzeko prest egoten dira uxatzaileak. Musika lagun, herriko puntu ezberdinetan geratu, eta konpartsa osatzen duten gazteek, mozorrotuta, jorrai-dantza egingo dute. Plazan amaituko dute ibilbidea, eta han agurtuko dute hartza.
Elorri Kultur Elkarteak Laiotz Herri Eskolaren eta udalaren laguntzarekin antolatutako jarduera da hau, eta herritarrei mozorrotzeko eta leihoak eta balkoiak dotoretzeko eskatu die.
Aurtengo Segurako ostiral inauteriko gaia zirkua da.
Laiotz herri eskolak ere parte hartuko du ostiraleko inaute festan, eta hartza iritsi aurretik jarriko du giroa kalean, 14:45ean hasiko den ikasleen desfilearekin.
Segurako inauteri festa eguna borobiltzeko, profesionalek pilota partidak izango dira Baratze pilotalekuan, 20:45ean.













