'Gaztemunduri Ateak Ireki' egitasmoak Goierri eta Busturialdea lotuko ditu
'Gaztemunduri Ateak Ireki' dinamika berria martxan jarri dute, eta euskal diasporako gazteak hiru astez hartuko dituzte Goierrin eta Busturialdean.
Ordezkari guztiak, gaur goizeko aurkezpenean. Izaro Villarreal Orain lau urte abiarazitako ekimenak tinko jarraitzen du Goierrin, eta aurtengoan ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Komunitateko zenbait gaztek Goierriko familietan hiru asterako egonaldia egiteko aukera izango dute udan, elkarren arteko zubiak eraikitzeko eta etorkizunean euskal kulturaren aldeko agente aktiboak bilakatzeko.
Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikarako elkarteak ‘Ateak Ireki’ lelopean bultzaturiko ekimena izan da orain arte, Goierriko udalerrien, N.A.B.O Ipar Amerikako Euskal Erakundearen zein bestelako instituzio batzuen laguntzaz. Aurtengo edizioa, baina, Eusko Jaurlaritzaren ‘Gaztemundu’ programarekin elkarlanean antolatuko da, ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ lelopean. Goiekin aurkeztu dute gaur dinamika berria, eta instituzio, entitate eta erakunde bakoitzeko ordezkariak izan dira bertan, tartean, Leire Artola eta Iñaki Alberdi, Beasain eta Idiazabalgo alkateak.
Biek goierritar izatearen «harrotasuna» azpimarratu dute, eta eskualde gisa Goierrik duen «indarra eta ardura» gogoratu dute. «Goierriren garrantzia nabarmendu nahi nuke, eta baita goierritarron nortasuna ere; gure komunitatea euskal diasporako gazteei transmititu behar diegu», azaldu du Artolak. Iazko harrera ekitaldia ere Idiazabalen egin zuten, eta Alberdiren ustez, «herri txikiak mapan kokatzeko» ere balio du ekimenak.
Zentzu horretan, gazte horiek etxean hartzeko prest leudekeen familiei izena ematera animatzeko dei berezi bat egin diete, eta adierazi dute aukera ona litzatekeela diasporako gazteekin antzekotasunak eta ezberdintasunak partekatzeaz gain, harreman-sareak egin eta ezagutza zabaltzeko. Gazteek dakarten «prestutasuna» ere azpimarratu du Alberdik: «Euskal bizitza deskubritzeko izaten duten grina balorean jarri nahi nuke».
Bi emisferioetatik
Bi egitasmoen bateratzeari esker, bi emisferioetako gazteak izango dira Euskal Herrian: ‘Gaztemundu’ egitasmoarekin Argentina, Uruguai, Venezuela eta Australiatik datozenak Busturialdean izango dira, eta Ipar Amerikatik datozenak, berriz, Goierrin. Helburua, denen artean «komunitatea» osatzea izango dela ziurtatu du Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak: «Astero bi aldiz elkartzea da asmoa, eta ez soilik euskal diasporako gazteak, baita goierritarrak eta urdaibaitarrak ere. Kresala eta garoa».
Hiru asteko egonaldia
Ekainaren 27an iritsiko dira programan parte hartuko duten gazteak, eta uztailaren 19ra arte, hiru asteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian. Orain arte, 16 urtetik 25era bitarteko gazteak etorri izan badira ere, aldaketa bat izango dela azaldu du Batzen Kultur Elkarteko lehendakari den Iñaki Goirizelaiak: «Adin nagusitasuna mantentzea erabaki dugu, eta aurten, 18-25 urte bitarteko gazteak etorriko dira».
Ohi bezala, gehientsuenak Kaliforniakoak izango direla aurreratu du Goirizelaiak, baina izango dira toki gehiagotatik etorriko direnak ere: Colorado, Idaho, Oregon, Nevada… denera, hamabi herrialdetatik iritsiko dira gazteak.
Egonaldiko hiru asteetan gauzatuko duten programa lantzen ari dira oraindik, baina iazkoaren antzekotasunak izango dituela ziurtatu dute, eta besteen artean, euskara, aisialdia, gazteen arteko dinamikak eta kultur bidaiak tartekatuko dituzte: astean zehar Maizpide barnetegian euskara eta kultura eskolak jasoko dituzte, eta asteburuetan, berriz, familiekin egoteko denbora izango dute.
Gainera, aurtengoan ere, Goierriko gazteek egonaldia AEBtan egiteko haranzko bidea ere irekiko zaie bizpahiru gazteei, izan ere, denbora daramatzate joan-etorriko programa hori diseinatzen. Hala ere, Goierrin euskal diasporako gazteak hartzen dituen familiako kideak izango dute soilik horretarako aukera.
Esker emateak
Ateak Ireki programa sustatu eta aurrera ateratzeko laguntzen duten babesleei eskerrak eman dizkie Atean Ireki ekimeneko sustatzaileek. Besteak beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Maizpide barnetegi-euskaltegiari, NABOri (North Amercian Basque Organizations), Nafarroako Gobernuari, Goiekiri eta Goierriko udal guztiei; eta bukatzeko, Goierriko biztanle guztiei.













