«Genero marka daukaten kasuak edo gaiak aztertzen ditugu»
Hileko azken asteazkenetan doako aholkularitza juridiko zerbitzua eskainiko du elkarteak Oriamendi kaleko 18. zenbakian, behean. Aurrez izena eman behar da.
Macarena Mujika Urbistondo abokatu donostiarra.Hitza Aholkularitza juridiko zerbitzua eskainiko da hileko azken asteazkenean, Oriamendi kaleko 18 behean. Ordubeteko saioak dira, 16:00etatik 19:00etara. Udalaren esanetan, kontsulta horien bidez emakumeek «haien buruengan duten segurtasuna handitzea bilatzen da, autonomia eta ahalduntzea sustatzea, erabakiak hartzeko eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte hartze aktiboa izan dezaten». Irule Abokatuak kooperatibako kideek eskainiko dute. Kide horietako bat da Macarena Mujika Urbistondo (Donostia, 1988). Aurrez hitzordua eskatu behar da, berdintasuna@beasain.eus helbidean edo 943 02 80 65 zenbakian.
Ze gai jorratzen dituzue?
Batetik, familia gaiak: banaketak, dibortzioak, haurren zaintzaren inguruko galderak, mantenu pentsioen ez-ordainketa, bisiten ez-betetzea, banatu osteko ondorioak nola arautu behar diren… Orokorrean horiek izaten dira familia gaiak. Bestetik, indarkeria matxistari lotutako gaiak ere aztertzen ditugu: salaketa jartzeko ze baldintza behar diren, egoerak delitua diren edo ez diren delitu, ze froga behar diren salatzeko, nolakoa den prozesu judiziala…
«Zerbitzua aurrez aurrekoa da. Hilabetean behin, azken asteazkenean, hiru orduz gaude han, ordubete emakume bakoitzarekin»
Eta ez dira hain ohikoak, baina atzerritartasun gaiak ere eramaten ditugu: ze baldintza dauden lan egiteko baimena lortzeko, etxeko langileen eskubideak, bereziki zaintza lanak egiten dituzten emakume migratuen eskubideak, eta lan arloko diskriminazio egoerak.
Beraz horren inguruko aholkularitza jaso nahi duten emakumeei zuzenduta dago.
Orokorrean genero marka daukaten kasuak edo gaiak aztertzen ditugu. Emakumeok beste diskriminazio egoera batzuk pairatzen ditugu, adibidez, kontsumitzaile edo erabiltzaile bezala, alokairuaren arloan askotan ikusten dugu emakumeak pisu bat alokatzen duenean jabeak ez dituela bere eskubideak errespetatzen… Emakume izateagatik beste zapalkuntza batzuk ematen dira.
Online egiteko aukera ere badago?
Zerbitzua aurrez aurrekoa da. Hilabetean behin, azken asteazkenean, hiru orduz gaude han, ordubete emakume bakoitzarekin. Emakume batek ezin badu joan, orduz kanpoko hitzorduak egiten ditugu, bereziki larrialdiko gaiak direnean. Orduz kanpokoak ez dira aurrez aurre. Halere, larrialdi bat egongo balitz, egunean beste hitzordu bat egingo genuke eta lau ordu egingo genituzke.
Behin baino gehiagotan joan daiteke?
Batzuetan beraien zalantza ez da momentuko gauza bat, agian prozesu batean daude, indarkeria matxistaren prozesu batean edo familia prozesu batean, eta orduan aholkularitza gehiago edo jarraipen bat egitea behar dute.
Beste herriren batean eskaintzen duzue zerbitzua?
Herri pilo batetan gaude: Hernanin, Astigarragan, Oiartzunen, Orion, Azpeitian, Zumaian, Oñatin, Usurbilen, Ondarroan…













