June Aiestaran eta Zeraingo Oiharteko bertso-afaria 'Hitzetik Hortzera' saioan
Gasteizko unibertsitateko ikasleek hilero antolatzen dituzte Unibertsolariak izeneko bertso saioak. Talde horretako kide da bertsolari beasaindarra. Oiharteko bertso-afariko sorta batzuk ere emango dituzte.
June Aiestaran eta Maddi Agirre, Unibertsolariak saioen antolatzaileak. Gasteizko unibertsitateko ikasleek hilero antolatzen dituzte Unibertsolariak izeneko bertso saioak, eta horiek ezagutuko dituzte aste honetako Hitzetik Hortzera bertsolaritza saioko ikus-entzuleek. Ikasturte honetan, Gasteizko Abisinia tabernan egiten dute bertsotan, hileko azken asteazkenetan. Unibertsolariak taldeko June Aiestaran Iparragirre eta Maddi Agirre Epelde elkarrizketatuko ditu aste honetan Mirari Martiarena Iraolak.
Ekimenaren antolakuntzaz, bertso saioez eta bertako bertso giroaz hitz egingo dute. Gasteizen unibertsitatearen bueltan sortzen den bertso giro ezagunaren ondorioetako bat da Unibertsolariak eta unibertso hori nolakoa den azalduko dute bi bertsolariek. Horrez gain, bertsolari gazteen kezkak eta bertsotan egiteko gogoaz ere hausnartuko dute Aiestaranek eta Agirrek.
Zeraingo bertso afaria
Horrez gai, sagardo denboraldiari hasiera emateko Zeraingo Oiharte sagardotegian antolatutako bertso afariko pasarte batzuk ere emango dituzte. Aitor Mendiluze Gonzalez, Iker Zubeldia Katarain eta Unai Agirre Goia aritu ziren bertsotan.
Hitzetik Hortzera saioa larunbatean emango dute, 21:00etan, ETB1en.













