Lazkaoko San Jose auzoan igogailua jartzeko lizitazioa abian jarri du udalak
«Irisgarria eta inklusiboa» den herri ingurunea sortzea du helburu udalak.
Lazkaoko San Jose auzoko inguru honetan jarriko du igogailua udalak.Hitza San Jose auzoan igogailu bat jartzeko lizitazioa abian jarri du Lazkaoko Udalak. Mugikortasun murriztua duten herritarren bizi kalitatea hobetzea da obraren funtsa. Proiektuaren aurrekontua 185.352,62 eurokoa da, BEZik gabe.
San Jose auzoko 19. eta 21. etxebizitza-blokeen artean eraikiko dute. Igogailua jartzeko proposatutako lekuan «eskailera» batzuk daudela eta «funtzionalak» diren arren pertsona guztientzat «irisgarriak» ez direla zehaztu du Lazkaoko Udalak: «Proiektu honekin herri ingurune inklusiboa eta irisgarria sortzeko eta bizilagunen eskaerei erantzuteko dugun konpromisoari erantzungo diogu».
Igogailuak 15-17-19 eta 14-16-18 etxebizitza blokeen aurrean dauden kaleak elkartuko ditu. Bata, 172,18 metroko kalea da, eta bestea, 176,22 metrokoa. Kale horien artean lau metroko malda dago.
Obra egitera aurkeztu nahi duten enpresek otsailaren 23ra arte izango dute eskaintza egiteko epea. Lazkaoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, www.lazkao.eus webgunean, egin beharko dute eskaintza.
Igogailuaren itxura
Igogailuaren egitura «hormigoi armatuzko» nukleo zentral batean oinarrituko da, eta pasabidea, berriz, «metalezko» habeek eta «altzairu herdoilgaitzezko» zutoinek osatuko dutela adierazi du Lazkaoko Udalak: «Diseinu moderno eta funtzionala izango du».
Egitura ingurunearekin ere integratuko da, altzairu herdoilgaitza eta hormigoia bezalako materialetako estaldurekin, obraren iraunkortasuna eta segurtasuna bermatzeko.













