Ordizian erabakiko da Goierriko finalerako bigarren sailkatua
Zumarraga-Urretxu 2, Gabiriako Osinalde 2 eta Legorreta lehiatuko dira gaur, 19:00etan hasita, Ordiziako Kiska tabernan.
Gabiriako Osinalde 2, Legorreta eta Zumarraga-Urretxu 2 bertsolari taldeek Ordiziako Kiskan abestuko dute gaur.Hitza Gaur erabakiko da Oriako Tramanak taldearekin batera Goierriko finalerako txartela lortuko duen bigarren taldearen izena. Eskualdeko bigarren kanporaketa Ordiziako Kiska tabernan jokatuko da gaur, 19:00etan hasita. Zumarragarren-urretxuarren, gabiriarren eta legorretarren arteko lehia ikusi ahal izango da. Ataunen jokatuko da hurrengo saioa, hilaren 20an, eta saio bakoitzeko irabazleek Lazkaon izango dute hurrengo hitzordua, martxoaren 7an. Hori irabazten duenak, Tolosaldeko ordezkarien aurka izango du saioa, Zaldibian.
Urretxuarren eskarmentua
Bakarra ez, bi. Urretxu-Zumarragatik bi taldek eman dute izena aurtengo Herriartekoan. Orain bederatzi urte jokatutako azken Herriartekoan ere bi talde izan ziren, eta barnean duten bertsotarako eskarmentua erakustera datoz.
Beñat Torres, Uxue Fernandez eta Amaia Iturriotzek kantatuko dute gaur. Gogotsu dira, eta batez ere «disfrutatzea» lortu nahi dute, txapelketaren helburua «bertsolaritzaren sustapena» delako. «Helburua betetzen da saioan kantatze hutsarekin, zalantzak izan dituen jendea animatzearekin, inoiz gai-jartzaile zein epaile lanetan aritu gabekoak lan horretan jartzearekin eta bertso eskolak aktibatzearekin», azaldu du Iturriotzek.
Hain justu, helburu berak dituen Martxoan Bertsoa lehiaketan ere parte hartu ohi dute hiru bertsolariek: «Herri nahiko erdaldunetatik gatoz, eta euskalgintzarako zein herrigintzarako tresna gisa bizi dugu ekimena». «Pizgarria» da urretxuarrentzat bertsoa, eta hura «bultzatzen» segi nahi dute.
Gabiriarren haize freskoa
Bertsozaletasunaren herri gisa definitu ohi da Gabiria, eta indar hori erakutsi beharko dute gaurko saioan, haiek baitira gaur lehian arituko diren bigarren taldea. Endika Igartzabal, Gorka Maiz eta Patxi Ormazabal igoko dira oholtzara, eta ez da elkarrekin kantatuko duten aurreneko aldia izango.
Igartzabal eta Maiz garai bertsuan hasi ziren bertsotan, «17 bat urterekin», eta 2017ko Herriartekoan ere elkarrekin lehiatu ziren, Aratz Igartzabal kide zutela; txapelketaren final-erdietara iritsi ziren orduan. Ormazabalekin duten adin tartea gorabehera, ez zen azken Herriartekoan egon, baina «tarteka» egiten dute hirurak elkarrekin bertsotan, Gabirian badagoelako horretarako «astero» elkartzen saiatzen den lagun talderik.
Helburu handirik gabe, txapelketan «kantatzea eta disfrutatzea» lortu nahi dute. «Aspaldian bertsotan egin gabe ere, mikrofonoaren parera igotzeko gogotsu gaude», dio Maizek.
Legorretarren sasoia
Legorreta da Kixkan gaur lehian izango den azken taldea, baina Odei Lopez da kantuan ariko den legorretar bakarra. German Urteaga beasaindarrak eta Iraitz Sarasola ordiziarrak osatzen dute taldea. «Aspaldiko lagunak» dira Urteaga eta Lopez. Bertso eskola garaitik ezagutzen dute elkar, eta Sarasolarekin harremana «pixka bat galduta» izanagatik ere, hura «berreskuratzeko» balio izan die txapelketak, eta soilik horrekin «pozik» direla dio Lopezek.
Ziur dira bertsotan ondo egiteko baino, «ondo pasatzeko» komenigarria izaten dela elkar ondo ezagutzea, eta hain justu, horretara datoz: ondo pasatzera eta gustura kantatzera. «Saio bizia» izango delakoan dago Lopez, eta era garbian ezaugarritu ditu aurkariak: Gabiriako «haize freskoa» eta Zumarragako «bertsokera ona».













