«Aittu proiektuarekin hasi zenean 200 bat artikulu zeuden; egun 327 daude»
Beasainpedia proiektua koordinatzeaz arduratzen da Izaskun Salazar beasaindarra. Herritarren parte hartzearekin batera, euskarazko Beasaingo Wikipedia osatzea du helburu Aittu euskara elkartearen proiektuak.
Izaskun Salazar Beasaingo Oriamendi kalean.Laida Goiburu Kazetaria ikasketaz, irakasle izan da lanbidez Izaskun Salazar (Beasain, 1972). Urriaz geroztik, berriz, Aittu euskara elkartearen Beasainpediaren koordinatzailea da. Boluntarioak bilatzen ari dira Beasaingo Wikipedia osatzeko. Euskaraz, Beasaini buruzko informazio fidagarria eta zabala eskaintzea du helburu proiektuak.
Ze behar ikusi zuen Aittuk proiektua martxan jartzeko?
Oinarrizko arrazoia euskara da. Euskarak digitalki duen hutsunea. Teknologia berriekin, euskarak bere lekua bilatu behar du. Euskal Wikilarien Elkartea ari da ahalegintzen Euskal Wikipedia maila onean jartzen; hiru hizkuntza hegemonikoek –ingelesa, frantsesa eta gaztelania– artikulu pila bat dituzte, eta euskarazko kopurua igotzeko ahalegina egiten ari da. Aittuk ikusi zuen Beasaingo informazioa euskaraz sarera igotzeko proiektua interesgarria izan zitekeela, eta aztertu zenean zer zegoen edo zer ez, Beasaini buruzko artikulu gutxi zeuden.
Zenbat artikulu zeuden?
Aittu proiektuarekin hasi zenean 200 bat artikulu zeuden, eta egun 327 daude. Beasaini buruz asko publikatu da euskaraz; Beasaingo Paperak argitaratzen da urtero, ele bitan, adibidez. Edukia euskaraz badago, baina izango litzateke hori dena sarera igotzea.
Nolakoa izan da aurre lanketa?
Ni sartu nintzenerako aurrez lan bat eginda zegoen. Memoria behatu, aztertu… eta eragileekin harremanak berreskuratu behar ziren. Zer sartu zitekeen ikusi… eta beste herri batzuetan egindako herripediak behatzen hasi nintzen. Nik Wikipedia ez nuen ezagutzen eta mundu bat deskubritu dut. Zenbat gauza dauden Wikipedian artikuluetatik harago. Hezkuntza Ataria da aipagarriena; horren barruan proiektu oso interesgarriak sortu dira: Ikasgela, Wikikasi ikas egoerak, Ikusgela…
Txikipedia ere lantzen ari zarete.
Artikulu horiek haurrentzat egokitutakoak dira. Txikipedian aurkitu ditzakezu artikulu berdinak edo desberdinak. Beasaingo kasuan askoz gutxiago daude, hamabi bat. Lehen fasean irakasleekin identifikatu zituzten beraien kurrikulumean ze hutsune zeuden, adibidez Beasaingo mendiak. Horiek sortu dira, baina Txikipediara pasatu beharko lirateke.
“Kopuruaz gain, edukiek kalitatea eta sendotasuna izatea da helburua”
Ze puntutan zaudete?
Taldea sendotzea kostatzen ari zaigu. Berez, Wikipedian erronkak jartzen dira, kopuru batera iristeko edo gai zehatz bat zabaltzeko. Gu oraindik ez gara erronkak jartzera iritsi, herritarren inplikazioaren bila gabiltza eta herritarrak partaide egiteko ahaleginean jarraitzen dugu. Beasainpediak jasotzen duen Beasain kategorian dauden artikuluen zerrenda orain 327 artikulutakoa da. Artikulu kopuru hori handitu nahi da, baina horrekin batera osatu beharreko artikuluak daude. Kopuruaz gain, edukiek kalitatea eta sendotasuna izatea da helburua.
WikiEmakumeok-ekin genero ikuspegia txertatu duzue.
Euskal wikilariek sortu zuten euskarazko WikiEmakumeok. Badago talde sendo samarra euskaraz emakumeen biografiak idazten dituena gizonen eta emakumeen arteko arrakala gutxitzeko. WikiEmakumeok WikiBeasain oraingoz horretaz arduratzen da, emakumeen biografiaz. Hainbat artikulu emakumeen ikuspegitik eta berdintasunaren ikuspegitik egokitu beharko lirateke, eta hori ere izan daiteke helburu bat, baina oraingoz biografiekin gaude.
Martxoan Euskal WikiEmakumeok I. Topaketa egingo duzue. Zergatik Beasainen?
Aurre lanketan harreman ona egin genuen Durangoko WikiEmakumeokeko kideekin, eta haiekin okurritu zitzaigun topaketa egitea. Haiek bost urte daramatzate izugarrizko lana egiten, gu sartu berriak gara eta gure ekarpena izango da topaketa hori sortzea.
“Jende gaztea parte hartzera ere animatu nahiko nuke. Malgua da, bakoitzak erabakiko du zenbat eman dezakeen”
Zer da Beasainpediaren erronka handiena?
Jendea erakartzea. Jendeari sinestaraztea benetan edonorentzat dela. Taldea bi pertsonarekin osatzen badugu beno, baina hamar laguneko taldean solasaldiak sortu daitezke eta elkarrekin egin dezakete. Jende gaztea parte hartzera ere animatu nahiko nuke. Malgua da, bakoitzak erabakiko du zenbat eman dezakeen.
Gaitasun berezirik behar da?
Edonorentzat da. Asko ez dira proiektura hurbiltzen idazteko ohitura ez dutelako edo gai ez direla pentsatzen dutelako eta bereziki haientzat oso aproposa da. Dena dago idatzita, ez gara hasiko ezer berria bilatzen. Sortuta dagoena antolatzen ikasiko dute, informazioa bilatzen, argazkien baimenak kudeatzen… Edonork ikasi dezake informazioa bilatzen eta horri forma ematen. Ez da jakin behar, ikasi egin behar da.
Beraz, boluntarioak behar dituzue elkarrekin Beasainpedia osatzeko.
Jabetze Eskolako WikiEmakumeok astelehenetan (17:00-18:30) eta asteazkenetan (10:00-11:30) dira. Taldekakoa asteazken eta ostegunetan (18:00-20:00). Azaldu dadila nahi duenak nahi duenean tarte horretan. Hor gaude, oso malgua da, 10, 20 edo 30 minutu, dena delakoa, ekarpen guztiak dira ongi etorriak.













