Aramako udaletxe zaharraren eraikina, etxebizitzetarako
Aramak duen etxebizitza-premiari aterabidea emateko alternatiba gisa, proiektu horren aukerak “lantzen” ari direla ziurtatu du Udalak. Bilera informatiboa deitu dute ostegunerako, eta interesa erakutsi duten herritarrak gonbidatu ditu.
Aramako udaletxe zaharraren eraikina eta eliza.Ariane Vierbücher Etxebizitzaren inguruko beharrak eta interesak ezagutzeko asmoz, herritarren artean galdetegi bat zabaldu zuen Aramako Udalak joan den urtarrilean. Parte-hartzea “ona” izan dela jakinarazi du, eta herritarrek erakutsitako inplikazioa eta interesa “modu positiboan” baloratu ditu. Galdetegia baliagarria izan zaie, herritarren etorkizunera begirako asmoak ezagutzeaz gain, etxebizitza berrien ezaugarriak zehazteko eta martxan dauden zein etorkizunean garatu nahi diren ekimenak bideratzeko.
Bada, emaitzak aztertu ondoren, udalak ondorioztatu du herrian etxebizitza-premia badagoela: “Batetik, emantzipatu nahi duten gazteek etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituztela islatu da; bestetik, gaur egingo etxebizitzak hobetu eta bizi-baldintza egokiagoak eskaintzen dituzten etxeetara aldatu nahi duten herritarrak ere badirela ikusi da”. Bereziki nabarmendu diren beharrak izan dira, besteen artean, “irisgarritasunarekin, erosotasunarekin eta etxebizitzen egokitzapenarekin” lotutakoak.
Galdetegian berariaz adierazi zen, gainera, Aramako Udala “epe laburrean” udaletxe zaharrean etxebizitzak egiteko proiektuaren aukera lantzen ari zela, eta herritarrei zuzenean galdetu zitzaien ea proiektu horretan ere interesa izango luketen. Udalak ondorioztatu du “interes maila dagoela” auzi horretan, eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko zein bestelako informazio bat jasotzeko asmoz, interesa agertu duten herritarrekin bilera bat deitu du ostegunerako. 18:00etan elkartuko dira.
Gainerakoan, galdetegian parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie udalak, eta gogorarazi du jasotako datu guztiak “modu konfidentzialean” tratatu direla.













