Euskal mitologia Zeraingo inauterietan
Eskolako ikasle, guraso eta ikasle ohiek hartu dute parte, urtero bezala. San Blas ermitan egin zuten ikuskizuna atzo arratsaldean.
'Kukubeltz eta txirula magikoa' ikuskizunean parte hartu zuten Zeraingo eskolako ikasleak, atzo. Zeraingo herri eskola Inauterietako astelehena festa eguna izaten da beti Zeraingo herri eskolan. Aurretik, gai bat lantzen dute eskolako ikasleek eskolan eta ondoren, inauterietako astelehenean ikuskizuna eskaintzen diete herritarrei San Blas ermitan. Gurasoek eta eskolako ikasle ohiek ere parte hartu ohi zuten ikuskarian.
Aurtengoan, lankidetza berezia izan dute gainera. Ahoz aho jaialdiaren barruan, Maider Alzelai aditua izan dute eskolan aste batzuetan zehar ahozkotasuna lantzen. Lanketa horren emaitza izan da aurtengo ikuskizuna, euskal mitologian oinarritutako Kukubeltz eta txirula magikoa antzerkia, atzo arratsaldean San Blas ermitan eskaini zutena.
Eguraldiak ez zuen lagundu, baina ikuskizuna amaituta, Liztormendi elkartean merienda goxoa egiteko aukera izan zuten herritarrek, guraso elkarteak antolatuta eta ondoren ere, festarekin jarraitu zuten bertan herritarrek.




















