‘Hil Arte Bizi’ egitasmoa aurkeztuko dute Legorretan
Martxoan zehar egingo dituzten lau tailerretan heriotzaz hausnartzeko aukera izango dute Legorretan ere. Tailerren aurkezpen hitzaldia egingo dute bihar, 17:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Nere Erkiaga.Hitza. Goierriko beste zenbait herrietan bezala, Legorretako bizilagunek ere izango dute Hil Arte Bizi tailerretan parte hartzeko aukera. Heriotzari buruz hausnartzeko eta gai horren inguruan erabaki informatuak eta kontzienteak hartzeko tresnak eskaintzeko diseinatutako ekimena da.
Tanatologian, parte hartze dinamiketan eta kultur transmisioan aditua den Nere Erkiagak euskaraz ematen dituen tailerrak dira, eta helburua, besteak beste, heriotzaren inguruko beldurra murriztea, gaia naturalizatzea, gai honen inguruan herritarrak ahalduntzea eta bizitza osoagoa eta irekiagoa sustatzea da.
Martxoan zehar eskainiko diren tailerren aurkezpena egingo da bihar, asteazkena, hilak 18, 17:30ean, udaletxeko areto nagusian. Herritar guztientzat dira irekiak, eta behin aurkezpena egindakoan, interesa izan dezaketen herritarrek otsailaren 27ra bitarte izango dute martxoko lau asteartetan eskainiko diren tailerretan izena emateko aukera, udaletxera joanda, 688 829 013 telefonora deituta edota gizarte@legorreta.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
Martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an eskainiko dira tailerrak. Taldekide kopurua mugatua izango da.













