Ia 2,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Segurako Udalak
Aho batez onartu zuen udalbatzak, urtarrilean. Anbulatorioko eta Ardixarrako teilatuak berritzea, inbertsio nagusien artean. Hainbat proiekturi jarraipena eman eta berriak hasiko dituzte.
Ardixarra etxea Segurako alde zaharrean. Hitza Segurako Udalak 2.458.494 euroko udal aurrekontua izango du 2026ean. Hala erabaki zuen udalbatzak, aho batez, urtarrilaren 28an egin zuten osoko bilkuran. Aurten, Segurak «ohiko aurrekontu» bat izango duela aurreratu du Izarra Urdalleta alkateak. Azken urteetan aurrekontu «puztuagoak» izan dituzte, «inbertsio garrantzitsu askoko urteak» izan direlako. Aurten, inbertsioak egon badaude, baina beste urte batzuetan baino gutxiago: «Ditugun zerbitzuak bermatze aldera pentsatutako aurrekontua izango da».
Aurrekontua xehetzen hasita, pertsonal gastuetan 722.717,02 euro inbertituko dira eta gastuen, ondasun arrunt eta zerbitzuetara 1.025.910,98 euro bideratuko dituzte. Finantza gastuetan, 30.750 euro gastatuko dituzte eta transferentzia arruntetan, 346.046 euro. Azkenik, inbertsio errealetarako 216.070 euro daude aurreikusita.
Bi obra nagusi
Inbertsioei dagokionean, bi proiektu nagusi azpimarratu ditu Urdalletak: anbulatorioko eta Ardixarra eraikineko teilatuak konpontzeko esku hartzeak, hain zuzen. Biek ala biek «behar larriak» dituztela esan du eta lan horiek izango dute aurten, lehentasuna. Anbulatorioari dagokionez, teilatu berria jartzea litzateke, eraikina guztiz berritzeko faltako litzatekeen azken esku hartzea. «Anbulatorioaren berrikuntza lanak ia amaituta daude; azken ukituak geratzen dira soilik. Leku aldatzea aurten izango da», baieztatu du alkateak. Anbulatorioko teilatuko lanek 61.000 euroko aurrekontua dute eta Ardixarrakoak berriz, 17.400 euro.
Inbertsioez gain, hainbat proiektu ere aurreikusita daude urte berriari begira; batzuk aurreko urteetatik datozen proiektuen jarraipenak izango dira eta beste batzuei aurten emango diete hasiera. Gizarte arloan, adibidez, iaztik datozen bi prozesuri jarraipena emango diote aurten. Batetik, Segurako harrera plana zehaztuko dute, eta bestetik, adineko pertsonen ongizateari buruzko prozesuari ere segida emango diote. «2025ean ekintza komunitario bat egin zen eskola, jubilatu elkartea eta egoitzarekin batera. Orain, herritarrek egoitzan bizi diren pertsonen ongizate emozionalean zer ekarpen egin dezaketen aztertu nahi da».
HAPOa berritzeko lanak
Herrigintzako gaien artean, herri bideen inbentarioa egiteari ekingo diote aurten, «batzuk identifikatuta daude jada, baina beste batzuk aztertzeko daude. Herritarrekin batera egin beharreko lanketa izango da», azaldu du alkateak. Lur jabe pribatuen lankidetza ere eskatuko du beste proiektu batek: mugen digitalizazioarenak.
HAPOa —Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra— berritzeko lanari ere aurten helduko diote; 90. hamarkadatik berritu gabe dago. «Urte batzuk daramatzagu berritzeko asmotan, baina ezintasun administratiboak tarteko, ezin izan diogu orain arte heldu», dio Urdalletak. Lanak Hirigrama enpresak gidatuko ditu eta herritarren parte hartzea «garrantzitsua» denez, parte hartze prozesuak deituko dituzte martxotik aurrera.
Energia gaiei lotuta, auto elektrikoak kargatzeko gune bat jarriko dute Kalegoenen, bi ibilgailurentzako edukierarekin. Lekua ez da oraingoz, behin betikoa. Udal energia plana ere osatuko dute, energia kontsumoari buruzko neurriak zehazteko. Amaitzeko, kultur gaien artean, Dantza Txapelketaren 50. edizioa «berezia» izango dela aurreratu du.













