Jokin Lasaren ‘Aberriak eta atzerriak’, igandean Igartzako jauregian
Pello Ramirez eta Kaki Arkarazorekin ariko da zuzeneko emanaldian. 19:00etan da, doan.
Pello Ramirez, Jokin Lasa eta Kaki Arkarazo.Hitza 2026ko Igartza Musika Zikloko bigarren emanaldia igandean (otsailak 22) iritsiko da. Jokin Lasa lazkaotarrak Aberriak eta Atzerriak izeneko proiektu musikala aurkeztuko du Igartzako jauregian, 19:00etan. Sarrera doakoa da eta emanaldia publiko orokorrari zuzenduta dago. Euskal kantautore eta sortzaile esanguratsua da Jokin Lasa. 1970eko hamarkadatik ari da euskal kantagintzan lanean, besteak beste Jokin eta Josu izenarekin ezaguna.
Herri memoria, identitatea eta literaturarekiko lotura estua landu izan ditu bere lanetan. Azken proiektuan ere hiru elementu horiei heldu die; gerraurreko sei poetaren olerkietan oinarritu baita lana osatzeko: Telesforo Monzon, Lauaxeta, Orixe, I. Zaitegi, Lizardi eta P. Markiegi. Haien testuak musikatu eta zortzi abestitan bildu ditu.
Hirukote goierritarra
Zuzeneko emanaldian Pello Ramirez (txeloa, akordeoia) ordiziarrak eta Kaki Arkarazo (gitarra eta ekoizpena) lazkaotarrak lagunduta ariko da. Zikloko arduradunen esanetan, “kontzertuak poesia musikatua eta formatu intimista eskainiko ditu, entzuleei euskal literaturaren eta musikaren arteko lotura hurbiletik bizitzeko aukera emanez”.













