Elkartasunaren lasterketa
Datorren igandean jokatuko da Sahara Krosaren 17. edizioa Ormaiztegin. Haurren zein helduen lasterketak ordu bete beranduago hasiko dituzte.
Garazi Hach Embareki eta Ibai Guenerabarrena, Sahara Kros elkarteko kideak, atzoko aurkezpenean.Josune Zarandona Sahara Kros elkartasunezko lasterketaren 17. edizioa jokatuko dute datorren igandean Ormaiztegin, eta aurkezpen ekitaldia egin dute gaur goizean, Sahara Kros elkarte antolatzaileko Garazi Hach Embarek eta Ibai Guenerabarrenak. Otsailaren 27an, Mendebaldeko Saharako Errepublikaren aldarrikapen eguna ospatuko dute, aurten bere 50. urteurrenean. Egun horretan maratoia egin ohi da errefuxiatuen kanpalekuetan eta ekimen horri keinu egiteko asmoz sortu zuten Sahara Kros lasterketa Ormaiztegin.
Ohi bezala, haurrentzako eta helduentzako lasterketak antolatu dituzte aurten ere. Ibilbidean eta antolaketari dagokionean ez da aldaketarik izango, «iazko ibilbide bera izango da, jendeari asko gustatu zitzaion eta», esan du Guerenabarrenak. Ordutegiari dagokionez, ordu betez atzeratu dituzte bi lasterketak «parte hartzea errazteko» helburuz. Hala, haurren lasterketak 11:00etan hasiko dituzte eta helduenak 12:00etan, biak udaletxe paretik irtenda.
Haurren lasterketak adinaren arabera sailkatuta jokatuko dira, lau guztira. Amaieran, txupete lasterketa irekia ere egingo dute, «familiei haur txikiekin parte hartzeko aukera» eskainiz. Helduek 5 edo 10 kilometroko lasterketak izango dituzte aukeran. Izen ematea dagoeneko irekita dago kirolprobak.com web gunean; eta egunean bertan ere aukera izango da 9:45etik aurrera. Izen emateak 20 euroko prezioa du eta korrikalariek dortsala eta kamiseta jasoko dituzte opari. Ohi bezala, bildutako diruaren zati bat Saharan elkartasun proiektuak bultzatzeko bideratuko da. Izena ematerako orduan, haurrei eskolako materiala eramateko deia egin diete berriz. Bildutakoa saharar errefuxiatuen kanpalekuetako haurrei emango zaio gero.
Borrokak aurrera darrai
Lasterketa bat baino gehiago da Sahara Kros, saharar herriaren borrokaren bozgorailu ere baden neurrian. Mendebaldeko Saharar Errepublika aldarrikatu zela 50 urte betetzen diren honetan, «orain inoiz baino beharrezkoagoa da gogoraraztea arazoak bere horretan jarraitzen duela; Fronte Polisarioaren eta Maroko armadaren arteko gerrak bizirik dirauela lurralde liberatuetan, nahiz eta Maroko estatuak onartu ez», esan du Hach Embarekek.
Nazioarteko politikari dagokionean AEBetako Trump presidenteari ere egin dio erreferentzia, «ezin da onartu Trumpek Marokori eman nahi dion subirotasuna», esan du, eta gogorarazi du, Europako Nazio Batuen erresoluzioaren arabera, Espainiako kolonia izaten jarraitzen duela eta ondorioz «berari dagokio saharar herriari dagozkion eskubideak ematea».
Lasterketaren aurretik, ostiralean, Sahara eguna egingo dute San Andres herri eskolan, «haurrei, bakoitzaren adinaren arabera, gatazkaren nondik norakoak azaltzeko». Iaz hasitako bideari jarraituz, lasterketan bildutako dirua Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara bideratuko dute, bertan bizi diren emakumeen beharrei erantzuteko helbuarekin.













