425.193 euro eskatzen dizkiote CAFi langile baten heriotzagatik
Ostiralean Donostiako epaitegietan protesta egingo du Asviamie elkarteak, familiari babesa adierazteko eta prebentzio neurriak erreklamatzeko.
Asviamieren protesta Donostiako epaitegietan, artxiboko irudian.Hitza Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak jakinarazi duenez, 425.193,2 euro eskatzen dizkiote CAF enpresari langile baten heriotzagatik. Ostiralean izango da epaiketa, eta hori dela eta, Asviamiek elkarretaratzea egingo du.
Donostiako epaitegietan egingo du protesta 09:15ean bihar, ostirala, familiari babesa adierazteko eta enpresei prebentzio neurriak erreklamatzeko. 09:45ean hasiko da CAFen aurkako epaiketa, Miguel izeneko langileari eragindako kalteengatik. Elkarteak azaldu duenaren arabera, 1966 eta 1973 artean egin zuen lan Miguelek muntaketa eta konponketa sailean. 1973tik aurrera, berriz, altzariak eraikitzen eta komertzial gisa lan egin zuen familia enpresan.
“2024ko ekainean, mesotelioma epitelioide diagnostikatu zioten Zumarragako Ospitalean, eta abuztuaren 30ean hil zen gaixotasun horregatik, amiantoak eragina zena. 2025eko uztailean Gizarte Segurantzaren Institutuko Ezgaitasuna Baloratzeko Ekipoak gaixotasuna deklaratu zuen, gaixotasun profesional gisa”, azaldu du Asviamiek.
Amiantoarekiko esposizioan lan egin zuela, amiantoa zuten materialak manipulatu zituela eta CAFek garai hartan eskatzen ziren segurtasun neurriak bete ez zituela eta langileei arriskuaren inguruko informaziorik eman ez izana salatu du elkarteak. Biharko epaiketan gaixotasunaren kalteengatik 363.418,92 euro eskatzen dituzte, eta hildako langilearen oinordekoen alde 61.774,3 euro.













