Goierriko finalerako azken txartela jokatuko dute Ataungo Oargin
Bihar Zumarraga-Urretxu 1 eta Osinalde 1 taldeak arituko dira bertsotan. Irabazlea eskualdeko finalera sailkatuko da. Lazkaon izango da martxoaren 7an.
Osinalde 1 eta Zumarraga-Urretxu 1 taldeak.Hitza Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako Goierriko hirugarren kanporaketa saioa jokatuko da Ataungo Oargi elkartean, bihar, 19:00etan. Zumarraga-Urretxu 1 eta Osinalde 1 taldeak ariko dira lehian eta irabazlea Goierriko finalerako azken sailkatuko da.
Zumarraga-Urretxu 1 taldeko bertsolariak Mikel Iturriotz, Manex Mantxola, Antton Fernandez izango dira, gai-jartzailea Leire Alkizu eta epailea Jon Mendizabal. Iturriotzek taldean bertsolaritzan aritzeko «joera» ezberdinak dituztela adierazi du: «Antton eta ni urte osoan zehar ibiltzen gara bertsotan eta Manex ez da gu bezalako maiztasunarekin ibiltzen». Aspaldiko «lagunak» direla eta beraien laguntasuna «bertsoen» inguruan sortu dutela azpimarratu du.
Osinalde 1 taldea Gabiriako Osinalde elkartean elkartzen den Gabiriako Aratz Igartzabal, Segurako Eneko Araiztegi eta Olaberriko Mikel Etxezarreta bertsolariek, Olaberriko Ane Etxezarreta gai jartzaileak eta Ataungo Mikel Tapia epaileak osatzen dute. «Ongi pasatzera» joango direla dio Igartzabalek, baina txapelketan ahalik eta «gorenen» iritsi nahi dutela ere gaineratu du.
Bi taldeek elkar ondo ezagutzen dute. Iturriotzen esanetan, «bereziki» Igartzabal eta Araiztegi «ezagutzen» dituzte: «Bertsotan askotan egin dugu elkarrekin». Igartzabalek ere beste taldekoekin «lotura» badutela dio. Bi taldeetako kideek azpimarratu «lagun artean» egongo direla eta «ongi pasatzera» joango direla.
Iturriotzek bertsozaleak bihar Oargi elkartera gerturatzera «animatzen» du, «saio arinak ari dira izaten eta arratsalde on bat pasatzeko aukera polita da». Igartzabalek gehitu du gaur egun zerbait «eserita» entzuten egoteko ohiturarik ez dagoela, baina «saio eramanerrazak dira eta publikoa adi mantentzeko ariketak egiten egingo ditugu».
Bertsolaritza aktibatzen
Bertso txapelketa batean norbaitek gaiak jarri eta epaitu behar ditu, bertsolariak bakarrik egotea ez da nahikoa. Iturriotzek dio bertso munduan bertsolariak bezain garrantzitsuak direla gai-jartzaileak eta epaileak: «Txapelketaren asmoa ekosistema guzti hori aktibatzea da eta normalean kantatzeko aukera ez dutenek bertsotan aritzea».
Horregatik, bertsolariez gain gai-jartzaile eta epaile batez osatuta daude taldeak. Horren helburua eginkizun horiek egitera jendea «animatzea» dela adierazi du, Osinalde 1 taldeko bertsolariak: «Badago jendea adibidez 1999ko herriartekoan gai jartzaile izatea probatu eta oraindik lan hori egiten jarraitzen duena».
Azken kanporaketa
Goierriko zortzi taldek parte-hartu dute Herriarteko txapelketan. Aurreko bi ostiraletan jokatutako Legazpiko eta Ordiziako kanporaketak irabazita, Oriako Tramanak eta Zumarraga-Urretxu 2 taldeak daude finalerako sailkatuta, eta biharko irabazlea izango da hirugarrena. Goierriko irabazlea Lazkaoko Biziolan martxoaren 7an, 17:00etan egingo den saiotik irtengo da. Goierri eta Tolosaldeako irabazleek finalerdietara sailkatzeko beste kanporaketa bat egin beharko dute Zaldibian, apirilaren 17an.













