Loinatz jaietako kartel lehiaketa abian da
Iaz bezala, aurten ere ez da jai batzorde orokorra osatzeko deialdirik egingo, eta iazko jaien balorazioan jasotako ekarpenak hartuko ditu kontuan udalak aurtengo jaietarako.
2025eko Loinatz jaien aurkezpena, iaz aukeratutako kartelekin.Ariane Vierbücher Loinatz jaiak maiatzaren 15etik 24ra ospatuko dituzte aurten beasaindarrek. Haurren soka dantzarako izen-ematea ireki ondoren, jaietako kartel lehiaketa jarri du martxan udalak.
Lehiaketaren helburua “argia” da udalarentzat: “Herritarren sormena sustatzea eta jaien sinboloak eta balioak irudi bakar batean biltzea”. Bi kategoria izango dira: A taldea (helduak), 201era arte jaiotakoena; eta B taldea (ikastetxeen artekoa), 7 eta 15 urte bitarteko ikasleena. Edozein teknika artistiko erabili daiteke, eta lanek nahitaez jaso beharko dute 2026ko Loinatz jaiak, maiatzaren 15etik 24ra testua.
Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 22a izango da. A kategoriako irabazleak 600 euro jasoko ditu, eta B kategoriakoak 180 euro. Epaimahaiarekin batera, herritarrek ere parte hartuko dute kartel irabazlea aukeratzeko bozketan.
Martxan dauden batzordeekin lanean
Iaz hartutako erabakiarekin jarraituta, aurten ez du jai batzorde orokorra osatzeko deialdi berririk egingo udalak, eta horren ordez, iazko jaien balorazioko ekarpenak hartuko dituzte kontuan: “2025eko jaien balorazio prozesuan herritarrek egindako iritzi, proposamen eta ekarpenak kontuan hartuko dira aurtengo egitaraua hobetzeko eta egokitzeko”.
Dagoeneko martxan dauden batzordeekin lanean jarraituko du, “bakoitzari behar duen laguntza tekniko eta logistikoa” eskainiz. “Besteak beste, haurren eta helduen danborradetako batzordeak eta haurren soka dantza batzordea hasi dira lanean eta berehala hasiko dira sukaldaritza lehiaketakoa, Mariren jaitsierakoa, txosnak, buruhandi eta erraldoiak…”, azaldu du udalak.
Batzorderen batean aritu edo proposamen zehatz bat egin nahi duenak udalarekin harremanetan jar daiteke: kultura@beasain.eus helbidean edo 943 02 80 65 telefonoan.













