«Menopausiaz beti zentzu negatibo batekin hitz egin da»
Beasaingo Jabetze Eskolan tailerra ematen du Amaia Aierbe ataundarrak menopausia garaian elikadurak duen garrantziaren inguruan. Saioak esperientziak elkarbanatzeko "topagune" izatea da helburua.
Amaia Aierbe Beasaingo Orekan zentroan.L. Goiburu Beasaingo Udaleko Berdintasun Sailak Berdintasun Kontseiluko kideekin lankidetzan Beasaingo Jabetze Eskolaren lehen edizioa antolatu du. Elikadura menopausian tailerra ematen ari da Amaia Aierbe Zurutuza (Ataun, 1972).
Zer lantzen duzue ikastaroan?
Menopausia-aurrea edo menopausia prozesua bizitzen ari diren emakumeen arteko topagunea izatea izan da lehen helburua, egokitze prozesu honetan bizi diren aldaketa, sintoma fisiko zein mentalak ikuspegi integral batetik ulertu eta partekatzea. Prozesuan zehar bizi diren aldaketa fisiko eta mentalak, eta egon daitezkeen albo ondorioak ahalik eta hobekien eramaten ikasiko dugu. Prozesua ulertu eta ahalduntzetik, gure elikadura eta bizitza estiloetatik eguneroko bizitzan gure gorputza nola osatu, elikatu eta indartu ikasten ari gara albo ondorioetan ere eraginez. Gure gorputza entzun, ulertu eta maitatzen saiatuz, elikadura antolatzen ikasiz, gure jateko modua kontzienteagoa eginez. Zaintza honetan, mito, estigma, genero estereotipo eta merkatu interesek duten eraginaz jabetzea ere garrantzitsua da.
Saio teorikoak dira?
Saio guztietan dago zati teoriko bat, talde dinamika bat eta gero praktikara eramateko sukaldaritza saio bat, eta mokadutxo batekin bukatzen dugu.
Gomendio zehatzak ematen dituzu?
Bai, menopausian elikadura osasuntsu bat jarraitu behar da onuragarriak ez diren elikagai, produktu eta bizitza ohiturak kontuan hartu eta pixkanaka aldaketak txertatuz. Arreta berezia jartzea gomendatzen dut aldaketa hormonalek eragiten dituzten albo ondorioetan eta honetarako komenigarri diren mantenugaietan: zuntz, bitamina, mineral eta fitoestrogenoetan aberatsak diren garaiko eta tokiko barazki, fruta eta lekaleak. Elikagai oso edo integralak. Bereziki kaltzio, magnesio eta D bitamina beharrak osatzea. Baita arrisku kardiobaskularrean garrantzitsuak diren gantz osasuntsuak elikaduran txertatzea eta giharren osaketa eta metabolismoan garrantzia duten proteinetan erreparatzea ere.
Buru osasunak ere eragiten duela diozu, eta horretan zerikusia du naturaltasunez hitz egite horrek?
Menopausian aldaketak ez dira soilik fisikoak, hauei aldaketa mental eta sozialak ere gehitzen zaizkie, eta hori ulertu eta kontuan hartzea oso garrantzitsua da eta ikuspegi aldaketa bat suposatzen du. Menopausiak askotan ekartzen ditu aldarte aldaketak, antsietatea edo suminkortasuna, kontzentrazio zailtasunak edo memoria hutsuneak, autoestimuan edo norberaren irudian aldaketak, nekea eta loaren arazoak. Harremanetan edo rol-sozialean aldaketa beharrak (seme-alabak handitzea, lana, zaintza lanak…). Eta honek ere eragina du gure zaintza eta elikatzeko moduan. Horregatik, etapa hau ikuspegi integral batetik lantzeari garrantzi handia ematen diot.
“Etapa hau ikuspegi integral batetik lantzeari garrantzi handia ematen diot”
Sintomak askotarikoak dira.
Beroaldiez hitz egiten da, baina badaude azalekoak, sentikortasuna edo antsietatea areagotzea, gorputzaren aldaketak, bereziki koipearen lokalizazioari dagokionez, aldaketa metabolikoak egon daitezke, egon daiteke arrisku kardiobaskularrak areagotzeko probabilitate handiagoa, neke mentala, insomnio egoerak areagotu daitezke… Bakoitzak bere modura bizi du.
Menopausiarako presta zaitezke elikaduraren aldetik?
Estresaren kudeaketa, kirola, harremanak… dena hartu behar da kontuan, baita elikadura ere. Menopausian, faktore genetikoak pisu handia dauka, alegia, zure amak zer nolakoa eduki zuen, nerabezaroan hilerokoak nolakoak izan diren… horrek eman dezake zantzu bat. Baina egia da bizitza estiloak eta elikadurak eragingo duela ondorengo urteetan. Elikadura osasuntsu bat jarraitu baduzu, kirola egin baduzu, ez bazara erretzailea izan, alkohola neurrikoa… eragina izango du. Elikadura da orain ondo egoteko, baina hemendik 20 urtera ere ondo egoteko inbertsioa da.
“Lan asko daukagu egiteko, emakumeok dauzkagun faseen inguruan hitz egiteko, horren baitan dauden estigmak hausteko eta gaia ikusarazteko. Gorputz ezberdina daukagu eta behar ezberdinak dauzkagu”
Menopausiak konnotazio negatiboa du?
Menopausiaz beti zentzu negatibo batekin hitz egin izan da. Albo ondorioak badauzka, ez da hain erraza eramaten, baina nik uste dut ikasi behar dugula egokitzen. Beti ikusi izan da emakumeen gainbehera bezala, eder izatetik utzi dugula, eta ez nago batere ados ikuspegi horrekin.
Trantsizio egoera honetara egokitzeko erremintak eskuratuko ditugu eta gero beste loratze garai bat etorriko da. Gure pentsamenduak aldatzen dira eta ez du zertan okerrera izan, beste behar batzuk dauzkagu. Norberaren gorputzarekin konektatzeko bidea ere bada menopausia. Baina horretarako patxadaz hartu behar da, ze behar dauzkagun ikusi.
Tailerrak estigma hausteko balio dezake?
Lan asko daukagu egiteko, emakumeok dauzkagun faseen inguruan hitz egiteko, horren baitan dauden estigmak hausteko eta gaia ikusarazteko. Gorputz ezberdina daukagu eta behar ezberdinak dauzkagu. Gure bizian ematen diren prozesu horiek garrantzia daukate. Elikadurari lotuta, fokua aldatu behar dugu; itxuran jartzen dugu arreta, eta horrek gure jateko moduan eragin handia dauka.













